Izagirrek Aretxabaletako eta oro har bailarako behar nagusiak zeintzuk diren identifikatu gura izan zituen eta, horrez gain, hurrengo agintaldira begirako erronka nagusien berri ere eman zuen. Erronka horietako bat da "Gipuzkoa orekatu bat" lortzea: "Guretzat oso garrantzitsua da Gipuzkoa orekatua izatea. Donostia region alde batera utzi eta eskualdeetako herri guztiei protagonismoa eman gura diegu; horretarako, 40 milioi euroko fondo bat aurreikusten dugu".
Albizu: "Gobernua noraezean dabil"
Aretxabaletarako alkategai Ion Albizu herriko erronka nagusietan zentratu zen bereziki. Erronka horien artean nabarmendu zuen, besteak beste, mendekotasun egoeran dauden pertsonen eta haien zaintzaileen egoera hobetzeko inbertsioak, gazteen emantzipaziorako laguntza, "etorkizun beltza" duten komertzio txikiak laguntzea eta "une kritikoan" dagoen industriari elkarlanean oinarritutako irtenbidea. Horrez gain, egungo Udal Gobernua "noraezean" dagoela dio Albizuk. Atzoko saioan bertan esan zuen gobernuko kideek eurek aitortu izan diotela etorkizunera begira.
Erraustegia, garraio publikoa, politika feministak, mendekotasuna...
Horrekin batera, atzokoa moduko saioak "ezinbestekoak" direla uste du Albizuk. Izan ere, herritarrek ekitaldian bertan zein aurretik galdetzeko aukera ere izan zuten, e-postaz edota whatsappez. Hala, Izagirreri erraustegiaren, garraio publikoaren, politika feministen eta mendekotasun politiken gainean galdetu zioten herritarrek eta Albizuri, berriz, herriko kontu zehatzagoen gainean, hala nola, obren inguruan eta drogek azkenaldian eragin dituzten gorabeheren gainean.
Alkate ona izateko gomendioak
Amaitzeko, alkate on batek zein ezaugarri izan behar dituen ere azaldu zuen Izagirrek, 2011tik 2015era Donostiako alkate izan zenak: "Garrantzitsuena da herritarren alkatea izan behar zarela argi izatea. Herritarrekin batera egin behar dela lan, hori argi izan behar da. Horrekin batera, pertsona ona eta zintzoa dena, eta gardentasunez jokatzen duena alkate ona izango da. Baldintza horiek guztiak batzen ditu Ionek eta ziur nago hurrengo agintaldian alkate ederra izango duzuela Aretxabaletan".