Deba ibaiaren alboko pasealekua egokitzekoa zen enpresarekin lan-kontratua eten du Udalak

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 27a, 14:21

Lanak orain dela hilabete pasatxo hasi zituzten baina geldirik daudela ikusita, erreklamazioa aurkeztu zuen Aretxabaletako Udalak. Enpresaren aldetik erantzunik ez duenez jaso, kontratua etetea erabaki du.

Ekainean sinatu zuten Ibarra kiroldegiraino pasealekua luzatzeko obren kontratua Construcciones Legasko S.L enpresarekin. Joan den asteko Gobernu Batzordean, ostera, kontratu hori etetea onartu zuten. Izan ere, lan horiek geldi daudela ikusi dute. Dagokion erreklamazioa jarri, erantzukizuna eskatu, eta, legeak ezarritako epea eman zaiola enpresari erantzuna emateko jakinarazi dute Udal ordezkariek. Behin epea agortuta ez dutenez inolako erantzunik jaso, kontratua bertan behera uztea erabaki dela gaineratu dute.

Lanen amaiera atzeratu eta kostuak gora

Ondorengo pausuak lehenbailehen zehaztu eta obra ahalik eta azkarren martxan jarri gura du Udalak. Horretarako, proiektuaren
errebisioa eskatu diote Sestra ingeniaria aholkularitza-enpresari, eta horren ondoren, berriro lizitaziora aterako dute. Unai Elkoro alkateak jakinaraziko du atzeratu egingo dela lana: "Hasieran lau hilabetetako epea definitu bazen ere, izan dugun ustekabe honek atzeratuko du obraren amaiera. Uste dugu hasierako aurrekontua %20an igoko dela, balorazio berria egin behar baita; hala ere gure asmoa da lehenbailehen esleipena egin eta pasealeku berria egiteko obrak martxan jartzea". Urtarrilean lanak berriz abian izatea espero dute, eta lau hilabeteko epean bukatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak