Miren Lorea Lana: "Agintaldi erosoa izan da eta gustura sentitu naiz"

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 26a, 18:00
Miren Lorea Lana zinegotzi sozialista.

Alderdi sozialistaren kide bakarra da Aretxabaletako udalbatzan, eta "pozik" dago lau urteok eman dutenarekin. Berriro ere errepikatuko lukeela gaineratu du.

Agintaldia bukatzear dago; zelako balorazioa egiten duzu?

Oso positiboa. Alderdi guztien arteko harremana samurra eta uneorokoa izan da, eta agintaldi benetan erosoa; oso gustura sentitu naiz. Udal Gobernu Batzordean alderdi guztietako bozeramaileak izan gara, eta hori ez da ohikoa herri guztietan. Ondo egindako lanarekin eta errespetuan oinarritutako harremanekin geratzen naiz. Zuk bazenuen eskarmentua udal jardunean; izan ere, Arrasaten izan zinen zinegotzi hainbat urtetan. Horrek lagundu egin dizu? Bai, horixe. Bi agintaldi egin nituen Arrasaten, eta asko ikasi nuen. Batetik, herri handiagoa delako, jardun gehiagorekin, eta bestetik, garai gogorrak tokatu zitzaizkidalako, bizkartzainen garaia. Hortaz, bai, asko lagundu dit han ikasitako guztiak.

EAJrekin batera Udal Gobernua osatu du Alderdi Sozialistak; zelakoa izan da harremana?

Adeitsua eta atsegina, bai politika kontuetan, bai harreman pertsonalari dagokionez. Eztabaida eta elkarrizketa samurrak izan ditugu, talde-lan zoragarria; hortaz, ez dut beste berbarik: oso atsegina.

Eta oposizioko taldeekin zelan moldatu zara?

Egia esan, lehen esandakoa errepikatu behar dut: oposiziokoekin ere ondo moldatu naiz bai politikari dagokionez, bai harreman pertsonalei dagokienez. Herri eta udal txikia izanda, ez da egon inolako arazorik eta gai guztiak landu ditugu errespetu handiarekin. Osoko bilkuretan ere gai gehienak adostasun handiarekin onartu izan ditugu, bakoitzak bere ekarpentxoak egin arren eta bere iritzia agertu. 

Baina alderdien artean eztabaida sorrarazi duten gaiak ere izan dira mahai gainean; Katalunia, esaterako…

Bai, iritzi ezberdinak izan dira, baina talkarik eta liskarrik ez. Udalbatza osatzen dugun guztiok zentzudunak gara; hortaz, ez da egon arazorik.

Lau urteotan egindako edo lortutako zerbaitek eman dizu aparteko poztasunik?

Poztasuna guztiak, ezingo nuke aipatu zapore gaziko ezer. Berdintasun Plana ibili dugu esku artean orain, eta hori onartu gurako nuke; izan ere, datozen lau urteetarako plana izango da. Nik uste dut hemendik eta maiatzera artean behin betiko bukatu eta onartuko dugula. 

Berdintasun Plan horrekin gustura geratu zara?

Bai; nik uste oso ondo jaso dela han guztia eta asmatu dugula. Aholkularitza eman digun enpresa bat izan dugu eta oso ondo egin dugu lan; ahots asko jaso dira, gainera. Baina onartutakoan, herritarrek esan beharko dute gustuko duten.

Eta arantzatxoren bat geratu zaizu, zerbait egin barik geratu delako, adibidez?

Plan Orokorra ezin izan dugu abian jarri beste lehentasun batzuk izan ditugulako; hurrengo baterako geratu da. 

Gainerakoan, lehentasunak ondo finkatu direla uste duzu?

Bai. Beti daude gauzak egiteko, eta bukatzeko ere geratu dira; Deba ibai alboko pasealekua, esaterako. Baina, orokorrean, zentzuz landu dira gaiak.

Ez zara Aretxabaletan bizi; baduzu harremanik herritarrekin?

Arrasate eta Gasteiz artean bizi naiz, baina astero nator gobernu batzordeetara. Eta herritarrak gerturatu izan zaizkit kontu batekin edo bestearekin; hori bai, beti jarrera egokiarekin.

Maiatzeko hauteskundeetan pentsatzen hasi zara?

Ez; alderdi bakoitzak bere denborak ditu eta gu ez gara hasi. Ni neu indartsu nago, eta pozik jarraituko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak