Garai bateko Aretxabaleta ezagutzeko bisita gidatuak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko aza. 18a, 12:50

Herriko hainbat gunetan jarri berri dituzten argazki zaharrei jarraituta bisita gidatua egin dute gaur, domeka, goizean; 25 lagun bildu dira Aitor Antxia historialariaren azalpenak entzuteko. Gazteleraz egin dute gaurko ibilaldia, eta euskaraz egingo dute azaroaren 25ean, 10:30etan hasita.

Hamazortzi argazki daude herriko gune eta kale ezberdinetan jarrita; horiek guztiak, Udal artxibokoak dira, eta askotariko garaietakoak –zaharrena XIX. mendekoa da, eta berriena 80ko hamarkadakoa–. "Urteen eraginez herria nola aldatu den erakusketa da asmoa, hau da, garai bateko Aretxabaleta zelakoa zen gogora ekartzea, horregatik, argazki bakoitza argazkiak jasotzen duen tokian bertan jarri dugu", azaldu dute Udaleko Kultura saileko arduradunek.

Otalora kalean –garai baten San Migel izena zuen kalean– jarri zuten orain dela bi urte lehenengo argazkia, eta urriaren 15a ezkero dago bilduma osoa ikusgai; bat ezik, zuri-beltzean dira argazki guztiak. "Asmoa, dauden tokietan uztea da, hau da, erakusketa iraunkorra izango da. Gaurkoa moduko beste bisita gidatu bat egingo dugu herritar guztiendako datorren domekan, azaroaren 25ean, 10:30etan hasita, euskaraz izango da hori, Euskaraldiaren egitarauaren baitan; ez da aurrez izena eman behar. Horrez gainera, Kurtzebarri eskolako ikasleekin ere beste bi bisita gidatu egin ditugu".

Argazkiei begira, bitxikeria ugari

Herriko plazatik abiatu dute ibilaldia eta han dauden bi argazki handiei begira eman ditu Antxiak lehen azalpenak, tokian toki herriak izan dituen aldaketak azaleratuta eta, bide batez, garai bateko istorioei eta pertsonaia bitxiei tokia eginda. Otalora kalean jarraitu dute gero, eta Eliza inguruan geldialdia egin dute segidan; ondoren, komenturaino hurbildu, eta garai bateko bainuetxea zegoen tokiraino ere joan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak