Urriaren 31 iritsi da, eta, horrekin batera, Gau Baltza. Neska-mutikoek gertu dituzte mozorroak; izan ere, astelehenean jardun zuten horiek prestatzeko lanetan. Atzo, ostera, film laburrak ikusi zituzten, girotzen hasteko, eta gaur, ospakizunean barneratuko dira, Gau Baltza batzordeak horretarako antolatutako egitaraurekin.
Gozoki-eskearekin (18:00-19:00) hasiko dute ospakizuna umeek. Antolatzaileek hainbat arau jarri dituzte horretarako: Gau Baltza kartela duten denda eta tabernetan bakarrik eskatzea, barrura sartu barik; hala, kanpoan elkartu eta koplak abestuko dituzte –eta ez "truco o trato" esan–. Era berean, gogorarazi dute lanean dabiltzan dendariei eta tabernariei, errespetuz eskatzeko eta eskertzeko.
Txistulariek lagun eginda kalejira egingo dute gero (19:15), Mitarte kalean hasi eta Herriko Plazaraino. Hara iritsitakoan, umeek zein helduek gozatuko duten ekitaldi nagusiari ekingo diote (19:30).
