Aretxabaletarren babesa jasotzen dabil Euskaraldia

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 30a, 16:37
Herriko merkatariak Euskaraldiari babesa adierazten.

Ikasleek, udal langileek eta herriko merkatariek ere bat egin dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den ariketa kolektiboarekin; hala ere, oraindik asko geratzen dira izena emateko, eta horiek animatu gura dituzte.

Gero eta atxikimendu gehiago jasotzen dabil Aretxabaletan ere Euskaraldia. Udal langileak, Kurtzebarri institutuko ikasleak eta herriko merkatariak dira horrekin bat egin duten azken taldeak. Horiek ez ezik, hango eta hemengo enpresak ere badabiltza lanean. Hortaz, Euskaraldiak dagoeneko herriko txoko asko zipriztindu ditu.

Belarriprest gutxi

Orain arte izena emandako kopuruak aztertu dituzte Euskaraldiaren bueltan lanean diharduen batzordeko kideek, eta konturatu dira ahobizi kopurua askoz handiagoa dela: "Ahobizi izan gura dutenak ia 500 dira eta belarriprest-ak ez dira iristen 70era. Belarriprest-ak oso garrantzitsuak dira, eta horiek animatu gura ditugu izena ematera. Zeintzuk diren horiek? Euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenak edo ohiturarik ez baina ulertzeko inolako arazorik ez dutenak".

Izen-ematea zabalik da oraindik

Babesa eman diotenen kopurua bide onetik badoa ere, oraindik asko dira izena eman ez dutenak. Horregatik, eta azaroan sartzear, animatzeko eskatu dute: "Ekimenean parte hartu nahi dutenek Euskaraldia.eus webgunean egin dezakete, edo izen-emate orria beteta, ondorengo leku hauetan utzi: udaletxean, kiroldegian, Arkupen, euskaltegian eta Loramendi elkartean". Paparrean jartzeko txapak hilaren 6tik aurrera jaso ahal izango dira, Loramendin. Eta azaro erdialdean herritarrei bideratutako trebakuntza saioa egingo dela iragarri dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak