Bigarrenez egingo den Gau Baltza ospakizuna errotzeko gogoarekin dator

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 27a, 10:05

Euskaratik eta herritik jaiari heltzeko asmoarekin, Halloween ordezkatzera dator Gau Baltza. Bigarrenez egingo da aurten, eta, eskeaz gain, txistulariek girotutako kalejira eta ezustekoz betetako ekitaldi nagusia izango dira urriaren 31n.

Komunitatetik: Gau Baltza batzordea

 

Gau Baltza ospatuko da aurten ere Aretxabaletan. Loramendi elkartearen eta ludotekaren eskutik, lehengo aldiz ospatu genuen iaz. Aurten, herritar gehiagok osatutako batzordea sortu da, Gaur Baltza antolatzeko lanetan ibili dena.

Halloween ordezkatzeko jaia

Gau Baltzaren ideia sortu zen azkenaldian Halloween eta antzeko ospakizunak hartutako indarrak eragiten zuen kezkatik. Umeengan arrakasta handia duen ospakizuna da Halloween delakoa, baina euskarak ospakizun honetan lekurik ez zuela agerikoa zen. Gainera, ospakizunak erdarazko komunikabideek zabaldutako eredua besterik ez zuela jarraitzen argi zegoen -kontsumoan oinarritutako festa, aurrez erositako jantziekin, herriko ohiturekin loturarik gabea...-. Beraz, Halloween delako festa horri euskaratik eta herritik heltzeko saiaketa bat da Gau Baltza. 

Jende askok horrela dela ulertu du, baina azpimarratu nahi dugu Gau Baltza ez dela garai batean ospatzen zen jai baten berreskurapena, asmatutako jaia baizik.

 Urriko azken gaua

Halaber, egia da herriko eta bailarako nagusiek gogoratzen dutela nola urriko azken gauaren bueltan gauez ateratzen ziren, mozorrotu eta herritarrak ikaratzera, edo kalabazak hustu eta bide ertzetan jartzera. Hala ere, garai hartako ospakizunaren gaineko informazio askorik ez daukagu. Beraz, agian, garai hartako elementu batzuk berreskuratuko genituen -trapu zaharrak janztea, kandelak eta kalabazak, gauez eta ilunetan ibiltzea...-, baina gainontzekoa festa hau euskarara eta herrira hurbiltzeko asmatu dugu -koplak, kalejira, dantza, jaiaren inguruko ipuinak...-.

Herriko haur, gazte eta helduak animatzen ditugu Gau Baltzean arropa zaharrak jantzi, eta Aretxabaletan sortzen ari den festa berri honetan parte hartzera. Gozoki eskeaz gain, badira-eta beste kontu batzuk: kalejira eta ezustekoz betetako ekitaldi nagusia, besteak beste.

Arauak gozoki eskerako

Gau Baltzean, urriaren 31n, (18:00etatik 19:00etara) gozokiak eskatu ahal izango dituzte umeek, kanpoan Gau Baltza kartela duten denda eta tabernatan. Eskatzeko, baina, ez dago denda eta taberna barrura sartu beharrik, nahikoa da kuadrilla bat kanpoan elkartu eta koplak abestea -eta ez truco o trato esatea-. Eske hori, gainera, ez da izango ludotekako eta gaztelekuko begiraleek bideratua. 

Ordutegi barruan egin eske-erronda, ondoren kalejirarekin eta ekitaldiarekin gozatzeko. Lanean dabiltzan dendari eta tabernariei, errespetuz eskatu, eta eskertu!

Egitaraua

Urriaren 31n ospatuko dute Gau Baltza baina astelehenean dagoeneko hasiko dituzte ekitaldiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak