Euria, hotza kalean zion Hertzainak taldearen kantuak. Leintz bailarako txistulariek ez dituzte horrelako doinurik jo, baina euriari eta hotzari aurre egin diete euren eguna modurik alaienean ospatzeko. Aurtengoa bederatzigarren ekitaldia izan da. Aretxabaletak hartu dio Eskoriatzari lekukoa eta datorren urtean Arrasaten ospatuko dute eguna.
Goizeko 10:30ak jota hasi dira Aretxabaletako kaleak alaitzen txistulariak. Herrikoak, Gatzagakoak, Arrasatekoak, Eskoriatzakoak, Soraluzekoak eta oñatiar batzuk elkartu dira. Baita Arabatik etorritako hainbat ere. Guztira 40 lagun izan dira txistu eta danbolinarekin kaleak soinuz betetzen ibili direnak.
Kalejiran bazterrak pizten ibili eta gero, salda beroarekin barrenak berotu eta 13:00tan alardea egin dute herriko plazan guztiek batera. Uratz-alde elkarteko lagunek bazkari ederra prestatu diete guztiei eta bazkal-ondoko kantu giroarekin eztarriak urratuz eman diote amaiera bilkurari.