Gastronomia eta Folklore Jaia 22.ez dator domekan, eta, oraingoan ere, Galizia, Extremadura, Gaztela eta Leon, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko dituzten postuak izango dira Herriko Plazan (10:00-14:30), gura beste jateko eta edatekorekin.
Kantu eta dantza emanaldiak ere izango dira. Errioxako Voces del Ebro taldekoek kantuan egingo dute, eta Donostiatik etorritako Galizia etxeko ordezkariek gaita doinuekin girotuko dituzte bazterrak.
Laudioko San Fernando taldekoek Gaztela eta Leongo dantzen erakustaldia egingo dute. Eta Arrasateko Corazon de Encina kultur elkarteko extremadurarrak ere bertan izango dira.
Aratzek postua jarriko du, eta Basotxoko kantu taldeak, eskualdeko hainbat erretiratu elkartetako kideekin batera, kantuan jardungo du kaleetan.
Patxaran lehiaketa
Urtero lez, etxean egindako patxaran lehiaketa ere jokatuko da. Plazan bertan aurkeztu beharko dira, domekan (11:00-14:00).