Ibilbide historikoak lantzen jarraitzen du Loramendiko Toponimia Taldeak, eta oraingoan, Urkulutik gora, Ugastegirantz joko dute.
Urkulun, Iraban baserri alboko aparkalekuan, hain zuzen egin dute hitzordua zapaturako; 08:30ean elkartu eta oinez abiatuko dira: "Arbe gainean Artetatik igoko dugu eta Troxkara joan. Pepelin koba eta Santu koba ikusi eta Korostako Arratetik igoko gara Ugastegiko goi lautadara. Santikurtz ermita bisitatu, Ziherbidetik Arbela inguruan dauden txaboletara joan eta Urzulo ikusiko dugu", argitu du Gorka Madinabeitiak, Toponimia taldeko kideak eta gaineratu: "Ugastegiko errekondora jaitsiko gara gero Zuzenbidetik Larratsutik pasatuta. Gaztanbidera igo eta handik Erdiko Esateko Aska ikusiko dugu, Intsiniseko Arratetik behera Irabanera itzultzeko".
Sei ordu inguruko ibilalditxoa izango dela uste dute antolatzaileek, eta zailtasun ertaina ezarri diote. Hamarretakoa norberak eraman beharko du, eta zera gomendatu diete zapatuko mendizaleei: "Botak eta fraka luzeak eraman. Ea eguraldiak laguntzen digun!".