Emanaldia urriaren 12an, egubakoitzean, eskaini zuten eta Udaleko Kultura Sailaren bitartez joan ziren. "Oso eliza bitxia da. Argazki asko, kartelak, esaldiak han eta hemen…", adierazi du abesbatzako kide Nuria Fernandez de Arroiabek. Meza abestu zuten lehenengo, eta hori bukatutakoan, beste sei bat kantu, besteak beste, Alfonsina y el mar, Eres tu eta Maite. "Bete-bete egin zen eliza, Madrilen bizi diren euskal jatorrikoak hainbat gerturatu ziren", dio Fernandez de Arroiabek, eta gaineratu du: "Gure Aita kantatzeko eskatu ziguten, eta gogotsu abestu genuen guk; une horretan hunkitu ere egin ziren asko".
San Anton parrokia lepo beteta.
Aretxabaletako Kultura zinegotzi Joxe Migel Uribarren elizan elkartutako kideei azalpenak ematen.
Hurrengo kontzertuak
Aretxabaleta Abesbatzaren hurrengo kontzertua Gantzagan (Aramaio) izango da San Milixan egunez, eta abenduaren 15ean Berangon izango dira; azken hori ere Udaleko Kultura Sailak lotu die.