Datorren maiatzaren 26ari begira jarrita daude alderdiak, orduan egingo dira-eta udal hauteskundeak. Hala, Aretxabaletako EH Bilduk iragarri du dagoeneko hasita dagoela lanean: "Data horri begira jarri gara eta gure proiektua berritu eta herrira egiten diogun eskaintza zehazteko lanetan gaude murgilduta", diote kideek, eta gaineratu dute: "Ez gara une honetara biluzik heltzen, ezta arropa zaharrekin ere, baina mimo handiz eta denon artean hasi gara gure etorkizuneko jantziak josten. Hori izango da gure eskaintza: Aretxabaletako jendearentzako egokitutako eskaintza; gure etorkizuneko proiektua janzten duena".
Lan horiek herritarrekin batera egin gura dituztela gaineratu dute, eta zerrendaburua prozesu parte-hartzaile bidez aukeratu: "Hurrengo urteetan Udalerako aurkeztuko dugun taldearen buru zein izan behar den aukeratzen ari gara; hau da, EH Bilduko alkategaia. Prozesu parte-hartzailea izatea nahiko genuke, EH Bilduko komunitatearen parte sentitzen den orok parte har eta erabaki dezan".
Prozesu horren gaineko argibideak emateko eta herritarren proposamenak entzuteko asmoarekin, herri batzarra egingo dute datorren eguenean, hilaren 18an; Herriko Plazan dagoen EHbilgunean izango da, 18:30ean.