Aretxabaleta herri "erosoa eta atsegina" izateko ahaleginetan dabiltza lanean Basotxoko hainbat kide azken hilabeteotan. Hainbat arlo zehaztu dituzte horretarako; besteak beste, aire libreko guneak, garraioa eta etxebizitza. "2013an egindako diagnostikoa izan da abiapuntua, eta, hiru arlo horien kasuan, hartu-eman interesgarria izan dugu udal ordezkariekin, alkatearekin zein Ongizate zinegotziarekin", adierazi dute lantaldeko kideek.
Aire libreko gunea,k hain zuzen, gertutik landu dituzte, eta zehaztasunetara iritsi ere bai: "Bi aldeon [Udala eta Basotxo] gustuko ekintza programa bat garatu dugu", eta epeak ere ezarri dituzte programa horretan zehaztutako lanei heltzeko.
Aretxabaleta Lagunkoia taldeko kideek adierazi gura izan dute herritarren parte-hartzea posible dela, eta beharrezkoa: "Argi dago herritarren ekarriak garrantzitsuak direla; guztion artean ekarpenak egin eta eraikitzea posible da. Eta parte-hartze aktiboak poztasuna dakar, gainera". Taldea kide berriei zabalik dagoela gaineratu gura izan dute: "Lan honetan parte hartu gura duen edozein erretiratuk izango du lekua Aretxabaleta Lagunkoian".
Alkatea pozik elkarlanarekin
Unai Elkoro alkatea ere pozik agertu da elkarlana ematen dabilen fruituekin: "Beste ikuspegi bat dute, sarritan guk ez duguna, eta interesgarriak izaten dabiltza partaidetza saioak".
Erretiratuek egindako eskaera gehienak zentzuzkoak direla gaineratu du: "Fasetan banatu ditugu egin beharreko lanak. Hala, batzuk dagoeneko eginda daude eta beste batzuk bidean; batek edo bestek, ostera, ez du aurrera egin ez delako horren beharra ikusi. Badaude, gero, zentzuzkoak izan arren, Udalaren eskumenak ez direnak, eta horiei ezin diegu heldu".
Landutako gai batzuk
Aretxabaleta Lagunkoiak Udalarekin adostutako kontuak.
Egindako lan batzuk:
• Porrukotxara garbitu.
• Belorrietako lurzoru irristakorra konpondu.
• Komun publikoan hobekuntzak: maratila eta papera.
Epea ezarrita duten lan batzuk:
• Usoak kentzea / Abendua.
• Deba ibai alboko pasealekua / Lanak abian.
• Lausittan eta bidegorrian eserlekuak / 2019ko martxoa.
• Sonometroa erostea / 2019ko martxoa.
• Deba ibaia garbitzea / Udazkena (urtean bi egitea adostuta).
• Zakarrontzi berriak / Plana eginda.
• Txakurren ordenantza aplikatzen hastea / Azaroa.
• Hondakinen gaineko kontzientziazio kanpaina / Urria.
• Edukiontziak txartel barik probatzea / Azaroa.
• Zebra-bidea Txarapean, zaharren egoitzarako / 2019ko martxoa.
• Pilotalekuaren atzeko partea ixtea / Lanak abian.
• Komun publikoa jartzea bidegorrian / 2019ko martxoa.
• Mugikortasun ikerketa / 2019ko martxoa.