Sergio Santano: "Irabazi beharra dugu dinamika aldatzeko"

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 11a, 09:11
Sergio Santano Ibarra futbol zelaian.

Uztailean hartu zuen Ohorezko Erregionaleko taldearen gidaritza Sergio Santanok (Gasteiz, 1980) eta denboraldi hasiera gogorra tokatu zaio.

Emaitza onik ezin lortu zabiltzate denboraldi hasiera honetan… 

Horrela da, bai… Denboraldiaurre oso ona egin genuen, orain ondo dabiltzan taldeen aurka jokatuta, gainera, baina… Denboraldiko lehenengo partidua 0-3 galdu genuen; eta bigarrena ere galdu, irabazteko guztia izanik, azken minutuan sartu zigutelako. Horrela murgildu gara dinamika txar batean; eta dinamika onean sartzen den lez jakin barik ondo zergatik den, oraingoan ez zaigu ezer ondo ateratzen. Bi berdinketa ere izan ditugu, eta sentsazio onekin bukatu genituen partidu horiek. Baina joan den domekan berriro gertatu zitzaigun lehenengo partidukoa: geuk eman aurkariari aukerak eta eurek aprobetxatu, eta guk gureak sartu ez… Kontua da dinamika horretatik lehenbailehen aldentzea.

Eta dinamika aldatzeko gakoa non egon daiteke?

Azken bi-hiru asteotan hori lantzen gabiltza: ez uztea ezer, ez ematea ezer aurkariari, golik ez jasotzeko. Goian kalitatezko jokalariak ditugu eta golak sartzeko aukerak sortzen bagabiltza. Golik ez jasotzea da kontua, gutxienez, puntu bat izango dugulako. Eta asmatuz gero, eta gol bat eginez gero, geureak dira puntuak. Golen bat sartzen badigute jokaldi on baten emaitza izan dadila, ez guk emandako aukera baten ondorioz.

Taldean aldaketak egon dira, eta kanpotik jokalari asko etorri; beharbada, taldea oraindik egiteko dago?

Emaitzek zeresan handia izaten dute halako balorazioetan, eta maila honetan irabaztearen eta galtzearen artean marra oso fina dago. Irabaziz gero badirudi taldean ez dagoela inolako arazorik, baina galduz gero… Talde guztietan gertatzen da hori. Egia da buruan bageneukala kanpoko jendearen etorrera oztopo txiki bat izan zitekeela hasieran, baina hori ez da arazo nagusiena, inondik inora. Azken batean, futbol jokalariak dira eta irabazi egin gura dute guztiek. 

Jokalarien lanarekin gustura zaude?

Kontua da astean zehar egiten dugun lan hori guztia gero partidura eramatea. Baina egindako akatsek baldintzatu egiten gaituzte, eta gero, garesti ordaintzen dugu. Domekan, bi gol sartu ondoren grogi geratu ginen, ezin erreakzionatu, eta partidua erabat baldintzatu zuen horrek. Psikologikoa ere bada kontua.

Arabako futboletik etorri zara; ezberdintasunik topatu duzu?

Ageri-ageriko ezberdintasuna dago Arabako Erregional Preferentearen eta Gipuzkoako Ohorezko Erregionalaren artean. Hemen, taldeen artean berdintasun handia dago; horregatik diot irabaztearen eta galtzearen artean marra oso fina dagoela. Eta futbol zelaietan ere askoz zale gehiago batzen da Gipuzkoan; hortaz, giroa futbolagoa dela esango nuke. 

UDAk ere zale asko ditu; zein mezu bidaliko zenieke?

Esango nieke taldea emaitzek erakusten dutena baino osatuagoa dela. Egia da puntuek erabakitzen dutela sailkapeneko postua, baina gure taldea eta aurkariak ezagututa konbentzituta nago jokalariak askatu egingo direla dinamika aldatuz gero. Egun blokeatuta daude egoeragatik, kontrako emaitzak jasotzerakoan batez ere. Irabaziz gero ikusiko dute sailkapenak erakusten duena baino askoz hobeak garela; hortaz, emaitza positibo hori lortu behar dugu.

Asteburuan Mutrikura…

Bai, egubakoitzean. Sailkapenaren goialdean daude, baina berdin da goian edo behean egon, berdin da aurkaria zein den, gu gara garrantzitsuak eta guk geuk irabazi behar dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak