"Antzerkigintza indartzea erabaki dugu, eta hilabete osoa eskaini horri", jakinarazi du Joxe Migel Uribarrenek, Kultura zinegotziak. Hala, Udalak balioan jarri gura du "antzerkigintza alorrean inguruan garatzen den talentua". Adin guztietara egokitutako lanak ekarri gura izan dituzte: "Helduendako, familiendako eta umeendako; horiek, gainera, eurendako bakarrik diren hiru emanaldi izango dituzte". Astelehenetik eguaztenera hain zuzen ere, ikasleak izango dira Arkupeko gonbidatuak eta ikusiko dituzte eskarmentu handiko hiru talderen lanak: Teatro Paraiso, Tdiferencia eta Markeliñe.
Tomaxen Abenturak domekan
Familia giroan ikusteko antzezlanarekin ekingo diote hilabeteari. Tomaxen Abenturak bikoteak Hamar urte eskainiko die, domekan, 4 urtetik gorakoei; urtebetetze festa baten bueltako kontuekin ondo pasatzeko aukera izango dute horiek.
Eguenean, hilaren 11n, ostera, helduek gozatuko dute Unai Iturriagak idatzitako eta Manex Fuchek zuzendutako Hozkailua lanarekin. Hozkailu baten barruan Londrestik lagunaren hilotza dakarren bikotearen gorabeherak izango dira oholtza gainean, luxuzko aktoreekin, gainera: Ander Lipus eta Patricia Urrutia.
Egitaraua
Urriak 7, domeka
• 17:00 Tomaxen Abenturak: Hamar urte.
Urriak 11, eguena
• 22:00 Artedrama: Hozkailua. 12 urtetik gora.
Urriak 14, domeka
• 17:00/19:00 Xake produkzioak: Lur.
Urriak 21, domeka
• 19:00 Ausarta taldea: Las chicas del balneario.
Urriak 26, egubakoitza
• 22:00 Javier Liñera: Tendríamos que haber empezado de otra manera. 12 urtetik gora.
Urriak 28, domeka
• 19:00 Diego Perez: San Jose, hecho un Cristo. 12 urtetik gora.
Ikasleendako emanaldiak
Urriak 8, astelehena
• 09:15/ 10:15/ 11:15 Teatro Paraiso: Lorategian. 4-5 urte bitartekoak.
Urriak 9, martitzena
• 09:00/ 11:00 Tdiferencia: Jolastokia. 8-10 urte bitartekoak.
Urriak 10, eguaztena
• 09:00/ 10:30 Markeliñe: Hareazko ipuinak. 11-12 urte bitartekoak.