'Margotutako hormak' erakusketa zabalduko du Josune Murgoitiok

Mirari Altube Arrese 2018ko urr. 4a, 17:21
Arrasateko Kulturaten Murgoitiok erakutsitako irudiak.

Josune Murgoitio idazle eta artista arrasatearraren Margotutako hormak erakusketaren irekiera ekitaldia izango da bihar, urriak 5, 18:30ean, Arkupen. 

Euskal Herriko hormetan egindako aldarrikapen pintaden –grafiti politikoak eta sozialak– eta muralen esanahia, balioa eta erabilera sinbolikoa aztertzen jardun du Murgoitiok: "Horma margotuak denbora luzez egon dira euskal lurraldean. Ikusi egin ditugu, haiei buruz hitz egiten entzun dugu, beraien inguruan irakurri dugu, pertsona askok sentitu edo pairatu ere egin dituzte; alabaina, ez dira asko aztertu, ez esplikatu". Eta hori izan du helburu artista arrasatearrak: "Giza eta kultura antropologiaren perspektibatik ere bai, bake kulturari, memoriari eta giza eskubideei lotutako espazio publikoetan oinarrituta".

Aretxabaletan jasotako 27 argazki

Margotutako hormei argazkiak ateratzen Arrasaten hasi zen 2011n Murgoitio, eta gaur arte jarraitu du. Eta jaso ditu jaioterrikoak zein Euskal Herrikoak, 1936tik gaur artekoak. Zera dio egileak: "Lagin honen helburua da, bisitariari, hain hurbileko gertakaria oinarri pedagogikoetatik hobeto ulertzen lagunduko dion leku bat sortzea".

Aretxabaletan bertan jasotako pintaketen eta muralen argazkiak ere batu ditu: "27 argazki berri sartu ditut, 17 paneletan banatuta". Eta gaineratu du erakusketaren diseinu grafikoa aldatu egin dut apur bat; Arkupeko sarreran hasiko da bisita, ez aretoan."

Bisita gidatuak egilearekin

Erakusketa urriaren 30a bitartean izango da zabalik: astelehenetik egubakoitzera, 11:00- 13:00 eta 18:00-20:00 eta zapatuetan, 11:00-13:00. Bisita gidatu bi ere eskainiko ditu: urriaren 9an, astelehena (18:30), eta urriaren 20an, zapatua (12:00). Horretarako aurrez izena ematea komeni da honako helbidean: josunemurgoitio@gmail.com

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak