Gainerako herrietan lez, Euskaraldian izena emateko epea irailaren 20a ezkero dago zabalik. Aretxabaletan lau gune zehaztu dituzte horretarako: Arkupe, Ibarra kiroldegia, udaletxea eta Loramendi elkartea. Online ere egin daiteke, eta Loramendi elkarteko kideek jakinarazi dute, hain zuzen, azken bide hori dabiltzala erabiltzen herritar gehienak: "Gure bulegora ere badator jendea; nagusiak, batez ere. Ateak zabalik ditugu, argibideak emateko edonori eta izen-emate orriak hartzeko", dio Lierni Zangituk.
Hori errazteko, gaur, egubakoitza, Durana kalean, herritarrengandik gertuan, mahai bat jarriko dute (19:30-20:30). "Nagusiak eta helduak bakarrik ez, gazteak ere animatu. Euskaraldiak guztiok behar gaitu eta!", adierazi du Zangituk.
Atxikimenduak jasotzen
Izen-ematearekin batera atxikimenduak jasotzen dabil Euskaraldia. Hala, UDAko talde gehienek eman diote babesa, baita ikastetxeek ere; Kurtzebarri eskolakoek, esaterako. Lekaixoka bertso eskolako kideek ere bat egin dute. Horien atzetik beste mordoa etorriko direla argi dute horren bueltan dabiltzan antolatzaileek.
Herriko enpresei, merkatariei eta ostalariei ere eskatu diete atxikimendua, eta hori jasotzen dabiltza egunotan. Horrez gain, hainbat bideo ekoiztu dituzte herriko merkatariekin, ahobizi-ak eta belarriprest-ak zer diren jakin dezaten herritarrek, eta sare sozialen bitartez zabaltzen dabiltza.
24 orduko probatxoa
"Herritarrek, orokorrean, harrera ona egin diote Euskaraldiari, baina askok oraindik ez dute garbi zer den hori", dio Zangituk, eta gaineratu du: "Horregatik, 24 orduko proba bat egingo dugu bihar, zapatua". Proba egiteko gertu daudenek Pagaldaixena inguruan jarritako mahaian izena eman eta pegatinak jasoko dituzte: ahobizi eta belarriprest direla identifikatzeko pegatinak, hain zuzen ere. Eta behin pegatinak paparrean jarrita, rol hori beteko dute 24 orduz: "Azaroaren 24tik abenduaren 3a arte egingo den horren entrenamendua izango da. Geure hizkuntza ohituren gainean hausnarketa egiteko lehenengo probatxoa".
Hau guztia hasiera besterik ez da. Izan ere, azaroaren 24ra bitartean beste ekintza asko egingo dituztela jakinarazi dute Euskaraldiaren bueltan Aretxabaletan lanean dabiltzan Loramendiko kideek.