Mamuak uxatzeko gogoa zuen UDAk gaurkoan, denboraldiko lehen bi neurketak galdu eta gero. Elgoibarren aurka lehen hiru puntuak poltsikoratzea zuten helburu, eta gogotsu zelaitu dira.
Lehen zatian, joko gutxi eta lehia asko berdegunean. Zortzigarren minutuan lehen aukera izan dute etxekoek, baina handik gutxira Elgoibarrek lehen abisua eman du. Lehen 45 minutuak amaitu baino lehen, aukera bana izan dute bi taldeek, korner jaurtiketa bidez, baina markagailua ez da mugitu (0-0).
Bigarren zatian kementsu hasi dira aretxabaletarrak, eta eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean, Gilen Marrek Elgoibartarren atea zulatu du. 53. minutua zen, eta lehen zatiaren dinamika ikusita, Ibarrako zaletuak garaipenarekin amesten hasi dira. Baina Elgoibar ez da kikildu. Handik hiru minutura, eskuin hegaletik egindako erdiraketa pozoitsu bat baliatu du Xabier Gueretak baloia sare barrura bultzatzeko. Berdinketa lortu eta gutxira beste aukera garbi bat izan dute kanpokoek. Area barruan baloia franko geratu zaio Elgoibarko jokalari bati, baina ate azpiko marratik birritan atera dute baloia UDAko atzelariek.
Garaipena nahi zuten bi taldeek, eta aukerak izan dituzte. UDAk baloi bat bidali du langara, eta Elgoibarrek, aldiz, zutoinera beste bat. Azken minutuetan ontzat eman dute puntua bi taldeek, eta markagailua banakoarekin amaitu da.
Bergara eta Mondra
Bergarak atzo jokatu zuen etxeko zaleen aurrean, eta hiru puntuak poltsikoratu zituen Mutrikuren aurka. Etxekoak aurreratu ziren markagailuan. Ostean, Mutrikuk berdinketa lortu zuen, baina Bergarak berriz lortu zuen markagailuan aurrea hartzea, eta 3-1ekoarekin amaitu zen norgehiagoka.
Mondrak, bere partez, Tolosaren etxean berdinketa lortu du. Bi taldeak lau punturekin berdinduta heldu dira norgehiagokara, eta berdintasun hori markagailuan islatu da. Amaieran, 1-1, eta puntu banaketa.
Gauzak horrela, hirugarren jardunaldia amaituta, Mondra da Debagoieneko lehen taldea sailkapenean –bederatzigarren postuan 5 punturekin–, bigarren Bergara –hamargarren postuan 4 punturekin–, eta UDA hirugarren –hamaseigarren postuan puntu bakarrarekin–.