San Migel jaien bezperan dator Basotxo erretiratuen elkarteko Kultura Astea. Azken urteetan egindako lez, egitarau mardula osatu dute erretiratuen nahiak eta zaletasunak kontuan hartuta.
"Dantzan egiteko gogo handia dute Basotxoko kideek, eta, uztailean antolatutako dantzaldiek izandako arrakastaren aurrean, domekan beste bat egingo dugu komentuko lorategian", dio Isabel Olivenzak, erretiratuen elkarteko zuzendaritzako kideak.
Hitzaldi bi ere izango dituzte. Batetik, ondo baino hobeto ezagutzen duten Felix Ajuria artzain eta gaztagile otxandiarra gerturatuko da gaztekin. Eta bestetik, Kontsumobideko Isabel Muelak elikaduraren gaineko kontuen berri emango die. Biak ala biak Basotxon izango dira.
Moda desfilea kantuek girotuta
Aurten ere izango da moda desfilea: "Iaz jende asko gerturatu zen eta errepikatu egingo dugu", dio Olivenzak, eta ekitaldi horri Basotxoko kantu taldeak emango dio hasiera. Egubakoitzean, Atxabalta Mugiko lagunekin batera ibilalditxo bat eginez hasiko dute eguna, eta arratsaldean, txokolatea hartuta berreskuratuko dituzte indarrak.
Domekan, ostera, dokean jokatuko dute; nor baino nor gehiago jardungo dute Errekabarren kalean dagoen lorategian Loramendiko, UDAko, Udaleko eta Basotxoko ordezkariek.
Era berean, aste osoan izango dira Basotxoko galerian eskulanak ikusgai; eguneko zentroko kideek egindako lantxoak, hain zuzen ere. Bazkideek ez ezik, herritarrek ere zabalik izango dituzte ateak.
Egitaraua osorik
Irailak 23, domeka
• 18:00 Dantzaldia, mojen komentuan.
Irailak 24, astelehena
• 17:30 Idiazabal gazta dastatzea Felix Ajuriarekin, Basotxon.
Irailak 25, martitzena
• 17:30 Hitzaldia Kontsumobidek antolatuta: Elikadura. Basotxon
Irailak 26, eguaztena
• 08:00 Burgosera bidaia.
Irailak 27, eguena
• 17:30 Basotxoko abestaldearen kantaldia.
• 17:30 Moda desfilea.
Irailak 28, egubakoitza
• Goizean, ibilaldia.
• 17:30 Txokolate-jana.
Irailak 30, domeka
• 10:30 Doke txapelketa, Basotxoko lorategian.