Astean bi arratsaldetan elkartzen dira 40 bat egoiliar eskulanak egiteko –uda sasoian gutxiago eta neguan gehiago–. Bertako terapeuten gidaritzapean, eta boluntarioen laguntzarekin, egiten dituzte lantxoak: "Norberaren interesen arabera aukeratzen dute zein lan egin: josi, puntua, margotu, marketeria kontuak… Nahiago izaten dute bingoan jokatu, baina eskulanak egitera ere pozik etortzen dira", adierazi du Irati Gallastegi terapeutak.
Arkupen jarritako erakusketarekin oso gustura daude: "Autoestimuarendako izugarrizko indarra da. Euren lanak herritarrek ikusiko dituztela jakiteak harrotasunez betetzen ditu", dio Gallastegik. Eta egoiliarrak eurak ere Arkupera gerturatzen dabiltza egunotan.