Tomateari, eta, bereziki, Aretxabaletako tomateari, hiru egun eskaini gura izan dizkiote hura aztertzeko, haren gaineko jakintza trukatzeko eta, zelan ez, haren zaporearekin gozatzeko. Horregatik, topaketa, tailerrak eta azoka antolatu dituzte Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteak eta Mankomunitateak, Udalaren eta Aleka elkartearen laguntzarekin. "Sanmigeletako azokaren bueltan egin izan ditugu ekitaldiak; aurten, baina, aparteko astea eskainiko diogu", dio Ana Herizek, Mankomunitateko ordezkariak.
Ekoizleen arteko topaketarekin emango diote hasiera martitzenean. Haziak ekoiztu eta komertzializatzen dituen Aleka elkarteko kide Marc Badal, Marta Barba eta Miguel Arribas Aretxabaletako tomatea aztertzera etorriko dira, eta bertako ekoizleak produktuekin gerturatzera gonbidatu dituzte. Eguenean, hilaren 20an, ostera, tomate haziak zelan lortu erakutsiko du Beizamako ekoizle Miguel Arribasek, Arkupen.
Tomatearekin gozatzeko aukera herritarrek ere izango dute: "Irailaren 22an tomateen erakusketa jarriko dugu eta lehiaketak ere egongo dira: tomate zatarrena, barietate gehien dituena… Zopa hotza ere egingo dute gastronomia elkarteek eta pintxoak izango dituzte tabernetan", jakinarazi du Herizek.
Hona hemen egitaraua: