Irailarekin batera erabiltzaile kopuruak gora egin du Ibarra kiroldegian. Jarduerak oraindik ez dituzte hasi, baina izen-emate epea zabalik dago –oraindik bete gabe dauden taldeetan–. "Arrakasta duten jarduerak, ohikoak direnak, dagoeneko beteta ditugu; TRX, spinninga, eta xunba, esaterako", dio jardueren ardura duen Iñaki Olaetxeak, eta gaineratu du: "Aurten, berri batzuk ere antolatu ditugu, eta horietan oraindik badago lekua. Irailean probatzeko aukera eskainiko dugu; hortaz, gerturatu ezagutzera".
Jarduera berriak hiru dira: hiit & pilatesa –intentsitate handiko ariketak eta pilates–; piloxinga –musika, pilatesa eta boxeoa–; eta core & stretchinga –indarra eta luzaketak–. Guztiak izango dituzte abian irailean eta taldea osatu ezean erabakiko dute zer egin hilabete bukaeran.
Erabiltzaileak, gora eta gora
Asier Mujika Kirol teknikariak adierazi duenez, erabiltzaile kopurua gora doa azken urteotan: "Iazko ikasturtean %30 egin zuen gora aurrekoarekin alderatuta. Aurten, dagoeneko 600era iritsi gara eta jarduerak hasterako hori baino gehiago izango direlakoan gaude", eta gaineratu du: "Datuak esku artean, txiki geratzen ere hasi zaigu kiroldegia une batzuetan".
07:00etatik zabalik
Irailarekin batera ohiko ordutegira itzuli da kiroldegia: astelehenetik egubakoitzera egun osoz (07:00-21:30); zapatuetan goizez (08:30-14:00) eta arratsaldez (16:00-20:00); eta domeketan goizez bakarrik (09:00-14:00).