Magiarekin gozatzeko helburuarekin eta, era berean, zaletasuna sortzeko asmoarekin antolatu du Kultura Sailak bigarren aldiz Magia Astea. Adinari erreparatu barik edozein herritarrendako ekitaldiak dabiltza eskaintzen eguaztenaz geroztik entzute handiko lau mago.
Magiarako zaletasuna pizten
"Abestaldeak eta musika taldeak, dantzariak eta antzerkiarekin lanean dabiltzanak ere baditugu herrian, baina zerbait falta zitzaigun… magia. Nik neuk, gainera, oso gustuko dut magiaren mundua", dio Joxe Migel Uribarrenek, Kultura zinegotziak. Lehenengoz antolatutako Magia Asteak izandako arrakastaren ostean etorri da bigarrena, euskal magoak nagusi direla: "Sasoi batean telebistan ikusten genituen magoek gazteleraz edo ingelesez egiten zuten, baina orain baditugu mago euskaldunak. Hortaz, ea zaletasuna pizten den gurean ere, eta mago entzutetsuren bat sortzen dugun…". Zinegotziak berak ez du baztertzen urte osoko tailerrak antolatzea.
Hiru ikuskizun aste bukaeran
Hiru mago euskaldun, zein baino zein ezagunagoak, Marsel, Eriz eta Tor, eta Ameli madrildarra, ikuskizun dotoreak eskaintzen dabiltza. Hain zuzen, Tor magoa iazko ekimenean ere izan zen eta herritarrek egindako harrera beroa du gogoan.
Eguaztenean zaharren egoitzan izan ziren, eta kalean ere jardun zuten. Gaur, eguena Ameli magoren saioa izango da Arkupen (20:00). Eta bihar, egubakoitza, 11 eta 14 urte arteko gazteei magia zer den erakusten izango dira Marsel eta Eriz; gauean (22:00) ikuskizuna eskainiko du Erizek, Arkupen. Beste bi saio ere izango dira Arkupen: bihar, zapatua, Tor magoarena (19:00) eta etzi, domeka, Marselena (19:00).