Deba ibaiaren alboko pasealekua kiroldegiraino iritsiko da laster, Markole auzoarekin bat egiteko han. Egitear dagoen zatiaren lanak esleitzeko azken gutun-azala joan den egubakoitzean zabaldu zuten eta enpresa bakarra aurkeztu da: Legasko eraikuntzak.
Unai Elkoro alkateak jakinarazi du lanok 187.619 eurotan esleituko dituztela: "Lehenbailehen has ditzaten gura dugu, eta lau hilabete iraungo dute ondo bidean". Eta Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso duela Udalak lan horietarako gaineratu du, ia 20.000 euroko laguntza, hain zuzen ere.
62 metroko luzera du egiteko dagoen tarteak. Eta pasealekua luzatzearekin batera, aireko argindar sarearen lurperatze lanak ere bukatuko dituzte.