Hainbat ekintza burutuko dituzte, besteak beste, igerilekuan jolasak, mendi bizikleta irteerak, herri kirolak, eskupilota, irristaketa, eskalada, boleibola eta badmintona.
Izaskun Urkiola, udalekuetako arduradunarentzat, helburua haurrek batez ere ongi pasatzea izango da, kirola bide izanez: "Helburu nagusi eta garrantzitsuena umeek kirol ezberdinak ezagutaraztea izango da, horrela haurrak beraien aisialdia era osasuntsu eta dibertigarri batean igarotzeko aukera emanez", adierazi du.
Izena eman duten kopuruaren inguruan, espero zuten pertsona kopurua apuntatu zela aitortu zuen, izan ere, beti antzeko zifran ibiltzen baitira. Ordutegia honakoa hau da; astelehenetik ostegunera 10:00etatik 12:30etara eta 15:00etatik 17:00etara. Ostiraletan, berriz, 9:30etik 13:30era.
Eskaintza zabala
Aretxabaletan eta baita inguruko herrietan ere eskaintza oso zabala da. Herriko udaleku irekietan 330 ume baino gehiago apuntatu dira eta horrez gain Arizmendi Ikastolak antolatzen dituen udalekuak arrakastatsuak izaten dira. Hori gutxi balitz, uztailaren 9tik 13ra, UDAk Realarekin elkarlanean Geroa sortuz futbol campusa martxan jarriko du. Horregatik, Urkiolaren esanetan, kirol udalekuak besteen "osagarri" bezala ulertzen dituztela azaldu zuen.