Picassenten (Valentzia) dagoen Garikoitz Garcia Arrieta preso aretxabaletarraren bi lagunek izan zuten auto istripua domeka arratsaldean, Teruel inguruan, hura bisitatzetik zetozela. Susto galanta hartu zuten, baina ez zuten zauri larririk izan. Ezbehar hori eta dispertsio politika salatzeko, eta era berean, senideei eta lagunei babesa adierazteko elkarretaratzeak deitu zituen Etxeratek hiriburuetan; Aretxabaletan ere hainbat herritar elkartu ziren, eguaztenean, Herriko Plazan.
Etxeraten esanetan "dispertsio politikaren erruz" gertatutako aurtengo laugarren istripua da, eta gogorarazi gura izan dute Garikoitz Garcia Arrieta etxetik 540 kilometrora dagoela. Horregatik, "premiazkoa" dela presoak hurbiltzea ohartarazi du eta salatu "egungo Espainiako espetxe politikak presoen eskubideez gain senide eta lagunen eskubideak ere urratzen" dituela.