Aretxarte merkatarien elkartea hainbat proposamenekin dator. Uztaila eta iraila bitartean, ostiral arratsaldetan ez da aspertzeko astirik egongo; izan ere, hitzordu ezberdinak egongo dira herritarren zerbitzura.
Nerea Etxeandia, Aretxarte elkarteko kideak, ekintzak giro egokia sortzeko antolatu dituztela aitortu du: "Jendea kalean ikustea nahi dugu, herritarrak herrian geratzera animatzen ditugu, izan ere, ohikoena hondartzara joatea izaten da".
Elkartea, denda eta tabernez osatuta dago, eta oraingoan, taberna inguruan egingo dira hainbat ekintza. Etxeandiaren ustez, gehienetan dendei ematen zaie protagonismo handiagoa, eta horregatik, prestatutako hitzorduak tabernei "begira" egongo direla azaldu du.
Egubakoitzean, ikastaroa eta kontzertua
Datorren egubakoitzean, ekainaren 29an, buruarinen tailerra eskainiko dute, debalde, 17:00etan, Atseden taberna parean. 20 umerendako tokia egongo da. Eta ondoren, 19:00etan, Patxi Luque gitarra-jole antzuolarrak – Zilarrezko Puaren irabazlea eta PoLi-tiCs taldeko kidea– kontzertua emango du Aretz tabernaren aurrealdean.