Suziekin iritsi ziren dantzariak, txistularien atzetik, Herriko Plazara, eta San Juan zortzikoa dantzatu ostean eman zioten su gertatuta zegoen abar piloari. San Juani abestu zioten herritarrek, suak iraun bitartean. Ondoren suzko zezena agertu zen, aspaldiko partez, ume askoren gozamenerako eta beste askoren izurako.
Bigarren saiakeran tantaia gora
Behin suaren bueltako ekitaldiak bukatuta, 2000. urtean jaiotako kintoen txanda etorri zen. Goizean Izurieta ingurutik ekarritako pinua gertu zeukaten Durana kalean, eta guztien artean, 70en bat gazte, plaza erdira eroan zuten. Lehenengo saiakeran ez, baina bigarrenean aire altxatu zuten eta zuloan sartu. Aurten, gainera, sekula baino segurtasun neurri zorrotzagoak ezarri ditu Udalak, eta herritarrek, babestutako gunetik kanpo jarraitu dituzte gazteen lanak. Kinto batek kolpea hartu zuen buruan tantaia jasotzeko erabiltzen den sarde batekin eta anbulantzian artatu zuten.
Behin tente, gazteek gazta eskaini zieten herritarrei aspaldiko ohitura berreskuratuta. Eta jai giroak dantzaldiarekin jarraitu zuen.