Sahararrak, marokoarrak, pakistandarrak eta beste hainbat jatorritako lagunak –hogeitik gora– elkartu dira aurten ere Loramendi elkarteak gidatzen duen Auzoko egitasmoaren bueltan. "Aparteko giroa" izan dute, beste behin, Nerea Zubillaga dinamizatzailearen esanetan, eta, "arrankatzea kosta" egin bazitzaien ere, ondoren martxa polita izan dute eratutako bi taldeek.
"Helburua da euskarara gerturatzea era informalean, baina aurtengo taldeek jolasak baino gehiago gura izan dituzte, ikasteko gogoz etorri dira eta", dio Zubillagak. Hori horrela, irudihiztegi bat egin diete, eta harekin "gogotsu" jardun dute lanean; herria ezagutzeko ginkana jolasa ere antolatu zuten.
Ikasturtea elkarrekin bazkalduta bukatu dute: "Datorrenera begira ordu gehiago eskatzen dabiltza; hortaz, zerbait pentsatu beharko dugu".