1985-1986 ikasturtean zabaldu zituen ateak musika eskolak. Lehen eskolak gaur egun Udal Euskaltegia dagoen egoitzan eman zituen. Mariatxen Urkia zuzendariak ondo gogoan du: "Talde txiki batzuekin hasi ginen eta akordeoia, klarinetea eta pianoa bakarrik irakasten genituen, ez genuen beste instrumenturik".
Handik, kuartel zaharrera joan ziren, eta poliki-poliki ikasle kopurua hazi egin zen, 200 inguru izanik. "Instrumentuek ere gora egin zuten orduan; asko, gainera. Eta esango nuke orain ditugun eskola guztiak kuartelean dagoeneko hasi ginela ematen". Kuartela, baina, oso egoera eskasean zegoen, hezetasun eta irisgarritasun arazoak zituen, besteak beste. Eta 2008ko lekualdaketa oso pozik hartu zuten.
Taldeak sortuz
Gaur egun, 350 ikasle dituzte Leizarran, eta hamasei langilek dihardute horiekin. Eta ematen dituzten eskolen artean daude: pianoa, biolina, haize-egur instrumentuak, haize-metale instrumentuak, trikitia, gitarra, flauta, txistua, perkusioa, musika tailerrak eta kantua. "Arrakastari dagokionez, boladak egoten dira, eta orain indartsuenak pianoa, perkusioa eta gitarra dira". Instrumentuak ikasten diharduten ikasleek taldeak osatzen dituzte, konboak, hain zuzen ere, elkarrekin jotzeko. Eta helburu berberarekin banda ere badute: "Eskolako ikasleendako osagarri bat da une honetan, beste talde bat legez. Eta datorren urtera begira beste taldetxo batzuk ere sortu gurako genituzke; folk edo ganbera taldeak, esaterako. Ikertzen gabiltza". Ondoren, eskolako hainbat ikaslek euren taldeak ere sortu dituzte; Txerrikumeak eta Dskarga, adibidez.
Hurrengo emanaldiak
Datorren astean hainbat emanaldi izango dituzte ikasleek. Hilaren 19an, ikasturte bukaerako kontzertua eskainiko dute, Herriko Plazan (18:00). Eguenean, konboen txanda izango da, Arkupen, eta egubakoitzean, bandaren emanaldia egongo da Herriko Plazan (19:00).
Izen-ematea zabalik
Datorren urteko eskoletarako izen-emate epea zabalik dago ekainaren 22a arte. Horretarako, eskolako bulegotik (hirugarren solairua) pasatu behar da astelehenetik egubakoitzera bitartean (15:30-19:00).