"Ibilbide irisgarriak" izatea herrian du helburu Udalak, eta horiek guztiak jasoko dituzte diseinatzen dabiltzan Irisgarritasun Planean. Egindako lanen artean daude zebrabideetan hobekuntzak. "Herrian sakabanatuta dauden zebrabide asko egokitu dira, zuten koska kendu zaie eta irisgarritasuna hobetu da", jakinarazi dute. Horiez gain berriak egitea ere pentsatuta dute: "Loramendi kalean bi zebrabide berri egingo dira, eta lurzorua asfaltatuko da. Horrez gain, kiroldegiaren sarbidean dagoen zebrabidea egokituko da, eta horretarako pasabide berezia eraikiko da".
Bestalde, euriteek eta autoen zirkulazioak "kalte ugari" eragin dituzte kaleetako zoruan, eta horiek konpontzeko ere "ahalegin berezia" egingo dela adierazi dute. "Autobus geltokietako zorua asfaltatu da dagoeneko. Horrez gain, Loramendi kalea ere asfaltatzea aurreikusten da aurten. Eta Loramendi eta Araba ibilbidearen artean dagoen biribilgunean azterketa berezia egingo da, irisgarritasuna zein mugikortasuna hobetzeko".
Errekabarren kalean ere hainbat lan egingo dituztela aurreratu dute: "Espaloian dauden zuhaitzen sustrai luzeek eragin dituzten arazoak direla eta, hauek kendu eta espaloiak nabarmenki hobetuko dira".
Aurrera begirako lanak
Irisgarritasun Planak hainbat fase izango dituela diote: "Epe luzera egingo diren beste lan batzuk ere badaude. Aktuazio berezia behar duten guneak dira, eta kasu batzuetan, azterketa sakona egin beharko da, irtenbide desberdinak mahai gainean jarri eta egokiena lantzeko".
Gorbeia eta Zaraia kale artean dagoen etxe urbanizazioan "hainbat behar" igarri dituzte eta baita Santa Kurtz kalean ere. "Horregatik, irisgarritasun ikuspuntutik azterketa sakonak egingo dira puntu hauetan eta neurrira eginiko soluzioak planteatuko dira".
Aurten 300.000 euroko inbertsioa bideratzeaz gain, plan berezian jasoko dituzte hurrengo urteetarako egingo diren beste lan batzuk ere.