Uda sasoiarekin batera kultur ekitaldiak kalera eroateko ohitura du Kultura Sailak, eta, oraingoan ere, halaxe egingo du. 7x7 kultura kalean ekimena bosgarrenez dator: "Ikuskizun dotoreekin herriko zazpi gune girotzea da asmoa", dio Joxe Migel Uribarren zinegotziak.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Hodei magoak eguaztenean emandako saioarekin jarri zuten abian aurtengo 7x7. Santa Kurtz kaleko bazterrak umeekin eta helduekin bete ziren haren magia ikuskizuna jarraitzeko. Martitzenean, dantzaldia izango dute neska-mutikoek, Txema Fororen eskutik. Pac-Man dantz izenarekin dantzek eta jolasek egingo du bat Mitarte kalean.
Eguenean, hilaren 14an, ostera, Trokolo Teatroak Burutik jota antzezlana eskainiko die umeei, Gipuzkoa plazan. Zirkuan lan egiten duten Fulanitoren eta Menganitoren istorioak eskainiko dituzte; bi ekitaldiok 19:00etan dira. Eta egubakoitzean, hilaren 15ean, beste pailazo batzuk izango dira Herriko Plazan (17:00): Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Puntaik Punta jaialdiaren barruan antolatutako ekitaldia da eta Borobilean ikuskizuna eskainiko dute.
Bandaren emanaldia 22an
Jaialdia ere izango dute neska-mutikoek, Txaloka taldearen eskutik, hilaren 20an, Iralabarri plazan. Eta 22an, Leizarra musika eskolako bandaren txanda izango da; Herriko Plaza girotuko dute hainbat eratako doinuekin (19:00). Ekimenari bukaera emango diote hilaren 27an; Etxeko kontuak antzezlanarekin etorriko da Bihar taldea komentuko lorategira.