'Kirolez busti' ekimen bete-betea astebururako

Imanol Beloki Unamuno 2018ko eka. 1a, 08:48
Iaz, Kirolez busti ekimenaren barruan, umeak Arlutzeko kantxan jolasean. UDA

UDA Kirol Elkarteak Ointxe! Saskibaloi Taldearekin, Arizmendi Kirol Elkartearekin, Oztopo Trialsin Taldearekin, Arlutz Xake Taldearekin eta Aretxabaletako Udalarekin elkarlanean antolatutako Kirolez busti ekimena izango da asteburu honetan Aretxabaletan.

Gaurtik domekara arte askotariko kirolak izango dira Aretxabaletako hainbat txokotan, eta helburu nagusia kirola herrira zabaltzea da. Honela adierazi du Agurtzane Elkorok, UDA kirol elkarteko presidenteak: "Sei urte daramatzagu Kirolez busti proiektuarekin, eta kirol ezberdinak praktikatzea, herriko txoko ezberdinetan gauzatzea eta adin ezberdinetakoak horietan aritzea da ekimen honen helburu nagusia".

Herriko hainbat txokotan

Ibarra futbol zelaian, kiroldegi aurreko belardian, Durana kalean, herriko plazan, erretiratuen egoitza aurrean, Iturrigorri pilotalekuan… hainbat lekutan kirol ezberdinez gozatu ahalko dute herritarrek; gimnasia erritmikoaz, xakeaz, pilotaz, palaz…Eta, ikusteaz gain, parte hartzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek: "Kirolaren garrantzia azpimarratu nahi dugu ekimen honekin. Kirolak zenbat jende batzen duen ikusi dadin. Horretarako, eguraldia lagun izatea ere gura dugu; izan ere, txarra eginez gero, hitzordu batzuk bertan behera geratuko dira eta beste batzuk, bestalde, beste egun batean egingo ditugu", adierazi du Elkorok. '

'Eskua' proiektua

Futbol Eskola ekimenaren barruan, Iker Arriolabengoaren gidaritzapean, Eskua proiektua zer den azalduko dute, eta, horretarako, gaztetxoek egindako azken lanaren erakusketa izango da ikusgai, Ibarra futbol zelaian jokatuko den txapelketaz gain. Honela adierazi du Eskua proiektuko Iker Arriolabengoa dinamizatzaileak: "Igor Arenazak sortutako proiektua da, eta, futbolaz gain, balioak transmititzea da Eskua ekimenaren helburua. Ariketa ezberdinak egiten aritu gara, eta egindakoa islatu nahi dugu asteburuan. Futbol Eskolako talde bakoitzak balio bat aukeratu du, eta futboleko posizio bakoitzean bat jarri dugu, hamaikakoa osatuz. Errespetua, elkarlana, autoestimua, konfiantza… eta halakoak. Hala, hitz bakoitzarekin esaldi bat ere jarri dugu, eta egunerako egin dugun murala jarriko dugu erakusgai Ibarran".

Gainera, txapelketa jokatuko dute, eta zelai barruan eta zelaitik kanpo landu beharreko balioak transmititu dizkiete bigarren urteko benjaminek zortziko futbolean hasiko diren lehen urteko gaztetxoei.

'Saskifest' jaia zapatuan

Kirol ezberdinen hitzorduez gain, saskibaloiak leku handia hartuko du zapatuko egitarauan. Izan ere, Saskifest jaia izango da herriko plazan. Egunari hasiera emateko, 09:30ean, jaurtiketa erakustaldi irekia izango da, Ointxe!-ko Eneko Matak zuzenduta. 17:00etan, hiruko txapelketa jokatuko da, eta, indarrak berreskuratzeko, 18:00etan, txahala erreko dute. 19:30ean, berriz, lagunarteko saskibaloi partidua jokatuko da, eta 21:00etan, familia argazki erraldoia aterako dute Ointxe! Saskibaloi Taldekoek.

Elitekoen pilota eta pala partiduak

Zapatuan, emakumezkoen pilota eta pala partiduak jokatuko dira Iturrigorri pilotalekuan. Ez dira, gainera, nolanahikoak izango, izan ere, elite mailako kirolariak izango dira bertan. Hasteko, 11:30ean, Oihana Orbegozok eta Maddi Mendizabalek Maider Mendizabalen eta Alaitz Badiolaren aurka jokatuko dute pilota partidua. Ondoren, horiek bukatzean, pala partidua jokatuko dute; Miren Larrarte eta Itxaso Erasun, Irati Otaegiren eta Maider Mendizabalen aurka.

Herritarrak animatzeko dei egin dute antolatzaileek; izan ere, lehen mailako kirolariak ikusteko ez da aukera askorik egoten, eta helburua frontoia betetzea dela gaineratu dute. Horrekin batera, eskupilotarako eta palarako zaletasuna zabaldu nahi dute emakumeen artean.

'Kirolez busti' egitaraua

Ekainak 1, egubakoitza

• 17:00 Patinete eta bizikleta lasterketak Durana kalean.

• 17:00 Gimnasia erritmikoa plazan.

• 18:00 Xakea plazan, Arlutz taldearen eskutik.

Ekainak 2, zapatua

• 10:00 Doke txapelketa Basotxo aurreko zelaian.

• 09:30-11:30 Ointxekoen jaurtiketa erakustaldi irekia plazan.

• 09:00 Herriko pilotarien pilota partiduak Iturrigorrin.

• 11:30 Elite mailako emakumezkoen pilota partidua Iturrigorrin.

• 12:30 Elite mailako emakumezkoen pala partidua Iturrigorrin.

• 17:00 Hiruko saskibaloi txapelketa plazan.

• 19:30 Nesken saskibaloi partidua plazan.

• 18:00 Txahal dastatzea plazan. Errazioa, euro 1.

• 18:30 Kale bloka plazan.

Ekainak 3, domeka

• 09:00 Futbol eskolako jaia Ibarra futbol zelaian.

• 12:00 Trialsina kiroldegi aurreko zelaian, Oztopo taldearen eskutik.

•14:00 Paella dastatzea Ibarra futbol zelaian. Errazioa, euro 1.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak