Egubakoitza ezkero dago dantza giroa herrian, Jaiki elkarteak antolatutako Dantza Asteari esker. Eta gaur emango diote bukaera, bi ekitaldirekin: 19:00etan, dantza urbanoak eta salsa eskainiko dituzte Bergarako Candem Town taldeko kideek; eta 19:30ean, Danama La ikuskizuna Jaiki elkartekoek.
Ikusleek, aparteko jarrera
"Harrera ederra egin diete herritarrek ekitaldiei", jakinarazi du Maier Etxebarriak, Jaikiko kideak, eta eguraldia izan dela buruko-minak eman dizkiena gaineratu du: "Zirkolanduz ikuskizuna pilotalekura eraman genuen; baina izugarrizko jendetza gerturatu zen biolin soinuen atzetik, Hamelinen antzera". Room 247 piezak ere ikusmin handia sortu zuen: "Haurrak eta helduak txundituta geratu ziren taularatutako historia eta mugimendu bereziekin. Erritmo aldaketak, goxotasuna eta indarra... Artistak oso pozik ziren, ikusle jatorrak izan zituztelako".
Domekako erromeria ere arrakastatsua izan zen: "Mojen parkea leku bikaina da halakoetarako, eta aparteko jai giroa sortu zen. Erretiratuen ustez, hilero edo astero egin beharko litzateke halakoren bat!", dio.
Astean beste ekitaldi mordoa egon da: "Las Rebujito taldekoek ole-ekin girotu zituzten plazako arkupeak. Eta Cutting Shapes taldeko nerabeek aho zabalik utzi gintuzten Shuffle dantza biziarekin", adierazi du Etxebarriak, eta, batez ere, ikusleen jarrera nabarmendu du: "Parte hartzen ari diren dantzariak oso ondo sentitzen dabiltza".
Agurra, Jaikikoek
Jaikiko kideek itxiko dute astea, gaur: "Sorkuntza prozesu motz baina sakon baten emaitza da. Zuriñe Benaventeren gidaritzapean eta Ignacio Monterrubio musikariak horretarako sortutako musikarekin. Hamasei minutuko piezatxoa da, eta plazan egingo dugu, seguruenez".