Gero eta gertuago dago Gure Esku Dago-k ekainaren 10erako deitutako hitzordua. Donostia, Bilbo eta Gasteiz giza katearekin lotzea da erronka, eta, horretarako, 500 aretxabaletar eskatu zituzten Zigoitia inguruan, 185. kilometroa osatzeko.
Aretxabaletako lantaldeko kideek joan den astean jakinarazi zuten 510 herritar zirela izena emandakoak. Lortutakoarekin poztu arren ez dute horretan geratu gura, eta hurrengo erronka zehaztu dute: 600 aretxabaletar batzea. Horretarako, "izen-emate masiboa" deitu dute egubakoitzerako, ekainak 1. Durana kalean duten behin-behineko egoitzara gerturatzera gonbidatu dituzte herritarrak, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Deialdiarekin bat egiten dutenei, GEDren lelodun plastikoak emango dizkie balkoietan jartzeko.
Era berean, gogorarazi dute Zigoitira autobusean joateko txartelak aurrez hartu behar direla; horretarako azken eguna ekainaren 3a da. Autobus batzuk ekitaldia bukatu orduko Aretxabaletara itzuliko dira eta beste batzuek Gasteizera eroango dituzte herritarrak.
Erabakitzeko eskubidea izango da egun horretako aldarrikapenaren oinarria, eta horrekin batera jaiegun handia egingo dute. Aretxabaletarrek Zigoitikoak izango dituzte lagun kilometroa betetzeko.