"Gerakinetik ia 1.200.000 euro kredituetan txertatu badira ere, argitu behar da, oraingoz, behinbehineko erabakia dela. Tramite guztiak burutzeko hilabete, behintzat, beharko da eta", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak. Proiektuak zehaztuta utzi gura dituzte, gero lizitazioak egiteko.
Proiekturik garrantzitsuena, diru kopuruari dagokionez, zazpiko futbolerako zelai berria da; hori, gainera, eginda dago eta urte bukaerarako gertu izango delakoan daude. Herri barruko errepideak konpontzeko ere partida garrantzitsua onartu dute. 380.000 euro erabiliko dituzte Errekabarren eta Loramendi kaleak berritzeko, eta gainerako dirua lan txikiagoak egiteko izango da. Udaletxeko begiratokia eta Basotxoko taberna berritu egingo dituzte; baita jolas parke batzuk ere: Larrino auzoko, Lausitako eta Txarapeako parkeen lurra berritu egingo dute, eta hondatutako elementuak aldatu.
Beste partida bat ere nabarmendu gura izan du Elkorok: "Nerabeen parte-hartzea bultzatzeko programa jarriko da abian, eta lehen faserako 9.367 euro onartu dira. Diagnostikoa egingo da horrekin".
Proiektu garrantzitsuenak
Futbol zelaia
Zazpiko futbolean jokatzeko zelaia kiroldegi aurreko berdegunean egingo dute. 400.000 euro bideratu dituzte –100.000 euro UDAk jarriko ditu gero– eta urte bukaerarako prest izango da.
Errepideak
Lehendik gordetako 200.000 eurori, 275.000 euro gehituko dizkiote Errekabarren eta Loramendi kaleak konpontzeko. Asfaltatu egingo dira eta Errekabarrenen espaloia egin ezkerraldean.
Udaletxeko begiratokia
Oso egoera eskasean dagoen begiratokia konpontzeko 50.000 euro bideratu dituzte. Bide batez, udaletxearen atzealdea margotu egingo dute.
Basotxoko taberna
Aspaldian inolako berrikuntzarik izan ez duen Basotxoko tabernako instalazioak egokitzeko, pintura lanak egiteko eta argiteria berritzeko 20.000 euro gorde dituzte.
Dirua gorde
Kreditu globalera ere sartu dute dirua, 300.000 euro: " Diru hori izango da sortu litezkeen beharrei aurre egiteko eta zehaztu barik dauden zenbait proiekturi heltzeko", argitu du alkateak.
Era berean, gerakina ez dela osorik erabiliko adierazi du; 500.000 euro inguru gorde egingo dituzte: "Agintaldiko azken urtea izanik ere, ez daukagu diru guztia xahutzeko asmorik; izan ere, proiektu handiak dauzkagu esku artean aurten, eta horiek lana emango dute. Ezinbestekotzat jo dugu hurrengo proiektuetarako poltsa bat izatea".
Datorren astean Irisgarritasun Planaren bigarren fasea abiarazteko asmoa agertu du –115.000 euroko aurrekontua–. Konpontzeko gelditu ziren hainbat zebra-bide egokitu egingo dituzte.