Egubakoitzean pilotalekuan egin behar izan zuten trapezio gaineko dantza; baina zapatuan, eguzkia ere dantzen zain antza, Mitarte eta Durana kaleetan egin ahal izan zituzten erakustaldiak.
Bergarako musika eta dantza eskolatik etorritako kideek euskal dantzen erakustaldi dotorea eskaini zuten eguerdi partean Mitarte kalean. Txakolin Egunarekin bat egin zuen saio horrek, eta lepo bete zen inguru guztia dantzarien jira eta bueltak jarraitzeko.
Arratsaldean, ostera, ikusleekin bete zena Durana kalea izan zen. Ikusleekin bakarrik ez, dantzariekin ere bai. Tango eta dantza urbanoen erakustaldia egin zuten eta gertutik jarraitu zituzten pauso guztiak herritarrek.
Ekainaren 1a arte saio ugari
Oraindik, baina, badago zer ikusi eta zerekin gozatu egubakoitza bitartean.
Hona hemen egitaraua:
Maiatzak 28, astelehena
- 17:30 Leizarra musika eskolakoen emanaldia, Herriko plazan.
- 18:30 Sevillana eta Shuffle dantza saioa, Durana kalean.
Maiatzak 29, martitzena
- 17:30 Basotxo Erretiratuen elkartekoen saloi dantzen emanaldia, Herriko Plazan.
Maiatzak 30, eguaztena
- 17:30 Ludoteka Dantzan saioa, Durana kalean.
- 18:45 Plaza dantzak, Basotxo elkartearen eta Leizarra musika eskolakoen eskutik, Durana kalean.
Maiatzak 31, eguena
- 19:00 Dantza, musika eta Karmele Igartuaren olerkia uztartzen dituen Denbora ikuskizuna, Altraste dantza konpainiaren eskutik, Arkupe kultura etxean.
Ekainak 1, egubakoitza
- 19:00 Bergarako Candem Town akademiakoen dantza urbanoaren eta salsaren erakustaldia, Herriko Plazan.
- 19:30 Jaiki Elkartearen Danama La izeneko ikuskizuna, Durana kalean.