Txakolin usainez eta zaporez beteko da, hirugarren urtez jarraian, Mitarte kalea, bihar, zapatua, eguerdi partean. Getariako Txakolina izendapena duten zortzi upategitako ordezkariek euren uztarik onena eroango dute probatzeko. Hona hemen upategiak: Sagarmiña, Hiruzta, Mokoroa, Gañeta, Akarregi Txiki, Basalore, Agerre eta Txomin Etxaniz. Kopa erosi–5 euro– eta bost txakolin dastatzeko aukera izango dute herritarrek.
Edatekoaz gain, jatekoa eskainiko dute herriko hainbat ekoizlek; Mendibitzu eta Etxe-Zuri baserrietako kideek, esaterako, gazta eroango dute eta Galartzako Alberdik, hanburgesak.
Dantza emanaldiak
Dastaketa horrek bat egingo du, Mitarte kalean, Jaiki elkarteak antolatutako Dantza Asteko ekitaldiekin. Hala, Bergarako musika eta dantza eskolako ikasleen emanaldia izango da, 13:30ean, eta Jam-Ñam ikuskizuna, 14:30ean.