Kirol udalekuetan izena emateko azken txanpa

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mai. 25a, 09:34
Iaz, Ibarra kiroldegiko kirol udalekuetan.

Aretxabaletako Ibarra kiroldegian egingo diren kirol udalekuak uztailaren 2tik 20ra bitartean izango dira, eta LH-5 eta DBH-4 artean dauden ikasleei zuzenduta egongo dira. Izena emateko azkeneko eguna maiatzaren 31a izango da.

Aretxabaletako Udalak eta Athlonek sustatuta, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian uztailaren 2tik 20ra bitartean kirol udalekuak eskainiko dituzte, LH-5 eta DBH-4 artean dauden ikasleei zuzenduta. Astelehenetik egubakoitzera izango dira, eta izenematea maiatzaren 31n amaituko da.

Udaleku horien helburua kirola eta ariketa fisikoa praktikatuz gaztetxoek aisialdiaz gozatzea da, ez udalekuetan bakarrik; hain zuzen, gaztetxo horiek ahalduntzea beraien aisialdi denboran ariketa fisikoa edo kirola praktikatzeko hautua egiteko. Gainera, Iñigo Murgiondo Ibarra kiroldegiko koordinatzailearen esanetan: "Ikasturtean zehar praktikatu ohi ez dituzten kirol diziplina eta modalitateetan trebatzen saiatzen gara. Horrela, beraien jakintza eta trebeziak garatzen dituzte, eta, bide batez, jartzen ditugu nagusiagoak direnerako gehien gustatzen zaiena zein den jakiteko hautaketa egiteko aukera zabalagoan".

Kirol aukerak

Aurten, kirola txoko ezberdinetara eraman nahi dute antolatzaileek; hala, floorball-a, boleibola, mendi irteera, ur jolasak, orientazioa, mendiko bizikleta eta halakoak izango dituzte, besteak beste. "Iaz, hogei gaztetxo izan genituen. Aurten, oraingoz, zazpik eman dute izena, baina esperantza dugu hemendik eta hilaren 31ra bitartean gaztetxo gehiago animatuko direla". Hala, izena eman nahi duenarentzat, honako hau izango da ordutegia: astelehenetik eguenera, 10:00etatik 12:30era eta 15:00etatik 17:00etara bitartean izango da; eta egubakoitzetan, aldiz, 09:30etik 13:30era bitartean. Prezioa 75 euro da.

Igeriketa ikastaroa

Udalekuez gain, igeriketa ikastaro trinkoak ere eskainiko dituzte, 5 eta 9 urte bitartekoentzat, alde batetik, eta 10 eta 14 urte bitartekoentzat, bestetik. Horiek bi txandatan banatuko dituzte: uztailaren 2tik 13ra eta 9tik 20ra 09:00etatik 10:00etara izango dira saioak. Guztira, hamabi plaza izango dira, eta izena emateko azken eguna ekainaren 20a izango da.

'Nordic walking' ikastaroa

Igeriketaz gain, uztailaren 2tik 20ra bitartean, nordic walking ikastaroa izango da martitzenetan eta eguenetan. Hamabost plaza daude soilik, eta izena emateko azken eguna ekainaren 20a izango da; abonatuentzat doan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak