Dantzan egiteko aukera asko, Jaiki elkartearekin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko mai. 25a, 10:11

Gasteizko Zirkulanduz taldearen 'Beldurrik ez' emanaldia. Argazkia: Aitor Ortiz de Zarate

Gorputza, mugimendua eta adierazpena bateratzen dituen ekimenak bultzatzeko sortu zuten orain dela hamabost urte Jaiki elkartea –hasieran, Gozatu Ekimena izena bazuen ere–. Harrezkero, asko dira eskaini dituzten tailerrak eta bestelako ekintzak; horien artean, aurten laugarrenez, eta gaur hasita, egingo duten Dantza Astea.

"Dantza kalera ateratzea da hasieratik dugun helburu nagusia", kontatu zuen Jaiki elkarteko kide Maier Etxebarriak Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan martitzenean, eta zera gaineratu: "Bailaran dantzari asko dagoela ikusita, horiei tokia egin nahi izan diegu, euren lana erakustera etor daitezen. Era berean, Udalari eskerrak eman gura dizkiogu uzten digun lokalagatik eta ematen dizkigun laguntzengatik, herritar guztientzako aproposa den Dantza Astea antolatuta".

Aurten, egun bat gehiago

Formatu aldetik aurreko aldietako egitura antzerakoa duela zioen elkarteko kide Zigor Lasagabasterrek: "Hala ere, urtero gauza berriak eskaintzen saiatzen gara; gaur, esaterako, zuzeneko biolin doinuak lagun dituela trapezio gainean dantzan ikusiko dugu Zirkulanduz taldeko dantzaria. Bitxikeriak erakutsi gura ditugu, baina, bereziki, dantzan egitera animatu gura dugu. Basotxo Erretiratuen Elkartekoek protagonismo handia dute aurten, baina, gazteak hurbiltzeko ere, askotariko estiloen artean, dantza urbanoak toki zabala izango du. Ikastaroetako ia toki guztiak beteta dauden arren, oraindik ez daude taldeak itxita; bidali, bada, lehenbailehen eskaera Jaikielkartea@gmail.com helbidera".

"Kasualitate polita"

Karmele Igartua zenaren poesiak dantzarekin uztartuta entzuteko aukera polita izango da eguenean Arkupen. "Martitzeneko taldean irakaslea aldatu dugu, eta, hain justu, Aretxabaletakoaren poesian oinarrituta dagoen Denbora ikuskizuna egiten du bikotekidearekin. Ezin aproposagoa iruditu zitzaigun gure asterako". Ikuskizunak doan izango dira, eta, bat izan ezik, guztiak kalean (ikus beheko taula); eguraldi txarra eginez gero, mojatan egingo dituzte; eta gaurkoa, frontoian.

Egitaraua

Maiatzak 25, egubakoitza

• 19:00 Beldurrik ez, trapezioan dantza saioa, Durana kalean, Gasteizko Zirkulanduz taldearen eskutik.

• 19:30 Gasteizko Haritz&Helena dantzarien Room 247 dantza garaikidea emanaldia, Durana kalean.

Maiatzak 26, zapatua

• 10:00-13:00 Dantza urbanoak eta Kontakids ikastaroak, Ibarra kiroldegian.

• 10:00-13:00 Tango ikastaroa, kuartelean.

• 10:00-13:00 Afrogaraikidea dantza ikastaroa Arkupe kultura etxean.

• 13:30 Bergarako Musika eta Dantza eskolaren euskal dantzen erakustaldia, Mitarte kalean.

• 14:30 Jam-Ñam.

• 18:30 Tango, dantza urbano eta Kubako dantzen erakustaldiak, Herriko plazan.

• 22:00 Aretxabaletako DJ Gorka-ren saioa, Kixkor tabernan.

Maiatzak 27, domeka

• Egun osoan Haur dantzarien eguna.

• 18:00 Erromeria, Monjetan.

Maiatzak 28, astelehena

• 17:30 Leizarra musika eskolakoen emanaldia, Herriko plazan.

• 18:30 Sevillana eta Shuffle dantza saioa, Durana kalean.
Maiatzak 29, martitzena

• 17:30 Basotxo Erretiratuen elkartekoen saloi dantzen emanaldia, Herriko plazan.

Maiatzak 30, eguaztena

• 17:30 Ludoteka Dantzan saioa, Durana kalean.
• 18:45 Plaza dantzak, Basotxo elkartearen eta Leizarra musika eskolakoen eskutik, Durana kalean.

Maiatzak 31, eguena

• 19:00 Dantza, musika eta Karmele Igartuaren olerkia uztartzen dituen Denbora ikuskizuna, Altraste dantza konpainiaren eskutik, Arkupe kultura etxean.

Ekainak 1, egubakoitza

• 19:00 Bergarako Candem Town akademiakoen dantza urbanoaren eta salsaren erakustaldia, Herriko plazan.

• 19:30 Jaiki Elkartearen Danama La izeneko ikuskizuna, Durana kalean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak