62 metroko luzera du egiteko dagoen tarteak, eta 226.000 euroko aurrekontua; horietatik 35.000 euro aireko linearen lurperatze lanak egiteko izango dira. Behin lanak hasita, lau hilabete beharko dituzte erabat bukatzeko.
Lurraren baldintza zailak
"Mugikortasun jasangarria helburu estrategikoa da Udalarentzat eta horrela izan da azken urteotan", adierazi dute, eta gaineratu: "Helburu horri eutsiz, oinezko zein txirrindularientzat pasealeku sare zabala egokitu da herrian zehar, Aretxabaleta Arrasaterekin lotzen duena, eta Eskoriatzarantz oraindik ere atondu gabeko tarte batzuk dituena". Oraingo proiektu honek tarte horietako bat "egokitzea" du helburu, erdigunea kiroldegiarekin lotzeko.
Era berean, jakinarazi dute lurrak dituen baldintzak ez direla errazak: "Erreka ertzean landare trinkoak daude eta goiko aldean drainatze lanak egiten dabiltza. Ikusi diren arazoak konpontzeko, erreka aldean horma bat egitea aurreikusten da, baita indusketa lanak ere mendira ematen duen aldean".
Pasealekua luzatzearekin batera, aireko argindar sarearen lurperatze lanak ere bukatuko dituzte, Iberdrolak dituen erdi tentsioko aireko lineak, hain zuzen ere.