Zelan joan da denboraldia?
Nire taldea, Universitario Bilbao Rugby, berria da, lehenengoz jokatu dugu liga txapelketa, eta nahiko ondo ibili gara. Lehenengo fasean, atzean geratu ginen, baina bigarrenean –B liga–, bigarren postua eskuratu dugu.
UPV taldearekin ere badiharduzu…
Bai. Horrekin ere hainbat txapelketa jokatu ditut; Arabaren, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko norgehiagokan txapeldunak izan ginen. Baita bigarren kanporaketa batean ere, beste unibertsitate batzuen aurka. Espainiako txapelketan izan berri gara, Sevillan, eta han, laugarren postuan geratu ginen.
Esperientzia polita izango zen…
Izugarria! Pena irabazi ez izana, baina oso ondo pasatu genuen.
Bukatu da errugbi denboraldia?
Liga bai, baina beste txapelketa batzuk ditugu orain, zazpi jokalarirekin jokatzen direnak, seven.
Bilbon egindako lehen denboraldi honetan zerekin geratu zara?
Talde giroarekin; etxetik kanpo bizi naiz eta taldekideon arteko harremana garrantzitsua da.
Bilbon jokatutako Europako finalari egin diozu jarraipena?
Bai, horixe! Partiduak bertatik bertara jarraitu ditut, zelan ez!
Horri lotuta ika-mika ere izan da…
Bai, promozio bideoa egiterakoan ez gintuzten hartu kontuan neskak, eta gero, guk geure bideoa egin genuen; oso polita izan zen.
Emakumeen talde asko daude?
Batzuk bai, zortzi, hamar…Asko ez gara, baina hemen gaude, aurrera goaz eta gogotsu, gainera.
Argazkian, Ihintz Urkia eskumaldean lehenengoa.