Emakumeen Biraren eraginez herrian sortuko diren gorabeherak asko izango direla iragarri dute udal ordezkariek, eta pazientzia eskatu diete herritarrei: "Egun horretan zenbait kaletan eta herri barruko errepideetan noranzko aldaketak eta mozketak izango dira".
Aparkalekua kiroldegi aurreko zelaian
Aldaketa handienak izango dituzten kaleak honako hauek dira: Durana, Mitarte –Eroski eta okindegiko adarrak barne–, Basabe bidea, Basabe poligonoa eta Iralabarri plaza ingurua. Aparkalekuak kenduko dituzte horietan; trukean, kiroldegi aurreko zelaian aparkatu ahal izango da. Horrez gain, Azbe aurreko autobus geltokia tokiz aldatuko dute, jaietan bezala, Urkulurako igoera hasten den punturaino.
Besteak beste, honako ibilgailu hauendako beharko da lekua: antolakuntzako 24 auto eta autobus; hiru ibilgailu neutro; hiru anbulantzia; hamabi ibilgailu ofizial; Ertzaintzaren hamazortzi motor; eta beste 23 motor bidegurutzeen zaintza egiteko. Gainera, Global Podium-eko kamioi handia eta beste zenbait azpiegitura ere izango dira. "Ondorioz, domekatik bertatik hasita kale mozketak izango dira", jakinarazi dute. Unean uneko argibideak ematen eta bideak mozten boluntarioak egongo dira bidegurutzeetan. Herrian 30 laguneko boluntario taldea dabil etapa koordinatzen, eta Debagoienean 120 bat lagun arituko dira.