Gurasoak trebatzen jarraitzeko asmoarekin antolatu du hitzaldi sorta Udalak, Guraso Foroarekin batera: "Horien bitartez, familia bizitzan sortu ohi diren egoera zailak bideratzen lagundu nahi diegu", adierazi dute antolatzaileek, eta gaineratu: "Aktualitateko gaiak dira guztiak, etxe askotan kezka iturri direnak".
Gurasoak, irakasleak eta hezitzaileak gonbidatu gura dituzte: "Mugikorra duen haurraren gurasoa edo erostear dagoena. Beste herrialde batzuetako haurrekin ikasten ari diren haurren gurasoak eta etorkinak diren gurasoak; baita ikastetxeetako irakasleak ere. Hirugarrenerako, sare sozialak ezagutzen ez dituzten gurasoak: alta nola eman, zer diren, nola funtzionatzen duten ikasi nahi dutenak. Garrantzitsua baita sare sozialetan ere nola eta norekin ibiltzen diren jakitea. Azkena nerabeen gurasoei zuzenduta dago. Nerabezaroa aro gorabeheratsua da, emozioak puri-purian dauden aroa, alegia. Bullying-a gai hartu nahi dugu, eta familian nola lagun daitekeen aztertu".
Hitzaldi guztiak udaletxeko ganbaran dira, euskaraz eta gazteleraz, eta parte hartzeko ez dago izenik eman beharrik.