40. krosak eta erromeriak bat egingo dute domekan Otala Zelain

Mirari Altube Arrese 2018ko mai. 11a, 18:05

Joseba Larrinaga Mardo hil zela bost urte bete dira, eta herritar asko elkartuko dira domekan Urkulu urtegi inguruan, haren izena daraman krosa jokatzeko. Behin hori bukatuta, erromeria giroa nagusituko da Aozaratzako zelaian, eguraldiak lagunduz gero.

Urteurren borobilarekin dator aurten Joseba Mardo-ren oroimenezko krosa: 40.a, hain zuzen ere. Nobedaderik ez dute iragarri antolatzaileek, baina, aretxabaletarrek estimu handian duten lasterketa izanik, korrikalari mordoa elkartu gurako lituzkete domekan Otala Zelai inguruan.

Umeak lehenengo, helduak gero

Azken urteotan lez, neska-mutikoen lasterketak izango dira egunari hasiera emango diotenak: 10:00etan, benjaminek (2008-2009) 500 metro egingo dituzte; 10:10ean, kimuek (2006-2007), 1.000 metro; eta 10:20an, infantilek (2004-2005) 1.500 metro. "Astean zehar 65 bat umek eman du izena, baina egunean bertan ere mordoa gerturatzen da", jakinarazi dute Leintz eskola kiroleko kideek. Helduen krosa 11:00etan hasiko dute, Otala Zelain, eta Urkuluri buelta emango diote; zelaian bertan bukatuko da (8.410 metro). Bakarka edo bikote mistoak osatuta parte har daiteke aurten ere. Izena aurrez emanez gero –www.herrikrosa.eus eta Ibarra kiroldegia–, 8 euro ordainduko ditu lasterkari bakoitzak eta egunean bertan, 15 euro.

Erromeria giroa

Behin lasterketak bukatuta, jai giroa nagusituko da Aozaratzako zelai ezagunean, eguraldiak laguntzen badu, behintzat –txarra eginez gero, erromeria Iturrigorri pilotalekuan egingo dute eta paella lehiaketa bertan behera geldituko da–. Animaliekin jolas egiteko aukera izango dute umeek eta gaztetxoek lehenengo, eta ondoren, trikiti doinuen inguruan sagardoa dastatuko dute bertaratzen direnek. Paella lehiaketari ere orduantxe emango diote hasiera –aurrez eman behar da izena Arkupen, 5 euro ordainduta–.

Urtero lez, norberak eroandakoa bazkalduko dute herritarrek, eta arratsalde partean musika eta Leizarra musika eskolako dantzarien emanaldiak izango dira protagonista.

Egitaraua osorik

Lasterketak

• 10:00 Umeen lasterketak.

• 11:00 Helduen krosa.

• 12:30 Sari banaketa.

Erromeria

• 13:00 Animaliekin jolasak.

• 13:00 Paella txapelketa.

• 13:30 Sagardo festa, Leizarra musika eskolako trikitilariekin.

• 14:30 Herri bazkaria; norberak eramango du.

• 16:00 Euskal diskofesta.

• 18:00 Dantza saioak.

• 19:00 Euskal diskofesta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak