Donostiako erretiratuek azken hilabeteotan egindakoaren berri eman zuen Esnaolak: "Pentsaera, izaera eta pentsio oso ezberdinak ditugun herritarrak elkartu gara mobilizazioetan". Eta datu batzuk ere partekatu zituen: "EAEn 548.000 pentsiodun daude, horietatik 200.000k 700 euro baino gutxiago jasotzen dituzte eta 300.000k, 1.080 eurotik behera".
Kortajarenak 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde egin zuen, eta hori ziurtatzeko pentsio sistema propio baten beharra aldarrikatu: "Euskal Herriko alderdiak Madrilera begira daude pentsio duin eske; gu oso eszeptikoak gara". Borondate politikoa izanez gero posible dela 1.080 euroko pentsioa ziurtatzea aipatu zuen: "Baina geure sistema propioa izan bitartean gizarte-segurantza transferitzeko eskaerarekin bat egin dugu". Era berean, erretiratuei eskatu zien kaleko mobilizazioekin tinko jarraitzeko, horri esker azken asteetan "hainbat mugimendu" izan direla iritzita.