The revenge of... El Sacamantecas diskoa kaleratu zuen Aretxabaletako taldeak iaz, eta Arrasateko gaztetxean egin zuten aurkezpen kontzertura gonbidatu zuten Londresko Moonshine Stalkers taldea. “Jaialditan elkarrekin jo izan dugu. Taldegaztea da, baina, eskarmentu handiko hirukotea”, dio Screamers &Sinners taldeko gitarra-jole Jago Domingok.
Lau kantu, biniloan
Bakoitzak bere ezaugarriekin, biak ala biak, psychobilly estiloan daude kokatuta. Arrasateko kontzertuan sortu zen elkarrekin argitaratzeko ideia. “Disko laburra da, eta binilo formatuan bakarrik dago; Nano Barberorena da, diseinua. Bina kantu grabatu du talde bakoitzak: kantu propio bat, eta bestearen bertsio bat. Euren kantua euskaraz abesten dugu guk; gainontzeko hirurak ingelesez dira”.
Kantu berriak elkarrekin zuzenean aurkeztea da bi taldeen nahia, baina agendak uztartzea ez dela erraza dio gitarra-joleak: “Oraingoz ez daukagu datarik. Asteburuan Leonen joko dugu guk, eta hara eramango ditugu gure diskoak. Gainera, gure Facebookera idatzita eros daiteke, zortzi eurotan. Ale gutxi atera ditugu –talde bakoitzarentzako 120 kopia–, eta oso ondo ari gara saltzen”.