Beñat Arizabaleta Irure: "Musikalak ditut gustuko, baina ateak itxi gabe"

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 28a, 09:05

Dantzerti eskolan dihardu Arte Dramatikoa ikasten eta ETBko Bago!az saioko lehiakidea da; Go!azen telesailerako txartela lortzeko lanetan dabil lanean gogor.

Orain dela hamar urte Goiena telebistaren lehenengo Kantari saioan hartu zuen parte Beñat Arizabaletak, eta ondoren, beste batean ere bai. Egun, ETBko Bago!az saioan dihardu.

Zelako esperientzia izaten dabil?

Izugarrizkoa! Emozioz beteta bizi dut; oso une onak daude, baina txarrak ere bai, tentsio handikoak. Dena den, argi dut disfrutatzeko zerbait dela, eta besteei gozarazteko; horregatik, ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz transmititu gura dudana besteei helarazteko.

Saioan coach batzuk dituzue; zelakoa da eguneroko lana horiekin?

Oso ona, oso gertukoak dira eta. Familia bat osatzen dugu Bago!az-eko guztiok, eta hori izugarri eskertzen da. Edozein zalantza dugunean, eurengana jotzen dugu eta erremintak ematen dizkigute gure saioak hobetzeko, asko laguntzen digute.

Bi saio irabazi dituzu dagoeneko eta immunitatea ere lortu duzu…

Bai, zer esan… Lorpen handia da bi gala jarraian irabazi ondoren kanporatua ez izatea, izugarrizko luxua. Baina gogorra ere bada, beste presio bat dago eta. Lan handia egin behar da astero-astero norberaren onena emateko.

Zure lagunak eta senideak joan izan dira gala horietara; zelan bizi dute?

Gurasoei esan izan diet oso ezberdina dela Beñat lez kantuan entzutea ni etxean, sarri entzuten nautelako, eta Europe taldeko kantari moduan jantzita agertzea The final countdown kantuan. Eta aho zabalik geratu ziren: "Ostras!", zioen amak. Zirraragarria izan zen haientzat hala ikustea ni, magikoa ere bai, beste bat naizelako halakoetan. Era berean, tentsioa ere badago une horietan, eurek ere ez dutelako nahi ni kanporatzerik.

Saioaren finala gerturatzen dabil… Go!azen telesaileko partaide izan gurako zenuke?

Bai, horixe! Baina finala oso gogorra izango da; izan ere, geratzen garen lehiakideak oso onak gara guztiak ere eta gogor egin beharko dugu lan geure burua hobetzeko. Bukaerara iritsi gurako nuke eta irabazi, noski!

Herritarrek zer esaten dizute?

"Ikusi zaitugu, zein ondo, Beñat!". Eta umeek argazkiak ateratzeko ere eskatu izan didate. Zelan esango diet, ba, ezetz? Mila bider ikusiko ninduten kalean, baina orain, ezberdina da…

Dagoeneko artista bat zara, eta ikasketa horiek egiten diharduzu…

Bai, Dantzertin nabil; Euskadiko arte dramatiko eta dantzako goi mailako eskolako lehen promozioko kidea naiz. Hirugarren mailan nago eta oso gustura nabil.

Praktikek garrantzi handia izango dute halako ikasketetan, ezta?

Bai; taldeen lan egiteko era ezagutzeko izaten dira praktikak. Lehen bi urteetan Donostian egon nintzen operak egiten dituen Opus Lirica konpainian, eta aurten, Bilboko zirku eskolan nabil; erabat aldatu nahi izan dut, eta beste diziplina bat jorratu.

Behin ikasketak bukatuta, norantz jo nahiko zenuke?

Musikalak oso gustuko ditut, baina ezeri ateak itxi gabe, oso mundu zabala da eta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak