Gizonezko batek, Arrasatekoa bera, bi emakume erail zituen atzo goizean labankadaz Gasteizko Julian Arrese kaleko 6. zenbakian. Hildakoak erasotzailearen bikotekide ohia eta haren ama dira.
Gertatutakoa salatzeko eta indarkeria matxista erabat salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Aretxabaletan. Udalak deituta Aski da! Erailketa matxistarik ez! lelopean elkartu dira hainbat herritar plazan.
Elkarretaratzea gehiago
Arrasaten, Bergaran eta Oñatin astelehen iluntzerako egin dute deialdia. Arrasaten, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta Eraso sexistarik ez! lelopean egingo dute kontzentrazioa, 20:00etan, herriko plazan. Bergaran ere plazan elkartuko dira, baina 19:00etan. Oñatin 18:30erako egin dute deialdia. Elkarretaratzea plazan egingo dute Aski da! Ni una menos! lelopean.
Gogoratu tratu txarrak jaso edo kasuren bat ezagutzen baduzu 900 840 111 telefono zenbakia dagoela eskura Euskadin edo 016 zenbakia Estatuan. Doakoak dira eta ez dute fakturan arrastorik uzten.