Europako kanpai-jotzera batuko dira Areantzakoak

Imanol Beloki Unamuno 2018ko api. 20a, 10:41
o, Areantzako kanpai-jole eskolako kidea, kanpaiak jotzen.

Europa osoko milaka kanpandorretan batuko dira kanpai-joleak zapatu honetan, 12:00etan, kontzertu bateratu bat emateko. Ekintza horrekin, Gizartearen Ondare Kultural Ukiezin aitortzea eskatu nahi dute, eta Areantzan ere joko dituzte.

Albaida (Valentzia) herriko kanpai-jole elkarteak zapatu honetan Europa osoan zehar milaka kanpai-dorre baino gehiagotan batzeko deialdia egin du, ekintza bateratu bat gauzatzeko. Guztiek batera, 12:00etan, kanpaiak eskuz joko dituzte, eta baita Areantzako kanpai-jole eskolakoek ere.

Kanpai-joleen emanaldi berezi horrekin, eskuz egindako kanpai-jotzea Unescok Gizartearen Ondare Kultural Ukiezin aitortzea eskatu nahi dute. Eta Europa osoko kanpai-jole asko bezala, Areantzakoak ere batu dira ekimenera. Honela adierazi du Areantzako kanpai-eskolako kide Julen Abasolok: "Unescon sartzeko ekimenean Albaidakoak ari dira buru-belarri lanean, eta guk ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu. Zapatuko ekintzan ez dakit eskolako zenbat batuko garen Areantzan, bi edo hiru, eta, 12:00etan puntuan joaldi bat egin ostean, beste hainbat ere joko ditugu, seguruenik".

Deia kanpai-joleei

Zapatuko deialdia bermatzeko, erregistratuta egon behar dute jo behar diren kanpaiek, eta izena emanda ere eduki behar da. Kasu honetan, Areantzako kanpai-jole eskolakoek emanda daukatena. Hala ere, Areantzako kanpai-jole eskolak joaldiak entzuteko dei egin nahi die herritarrei. "Zapatuko joaldiak entzutera etortzeko dei egin nahi diegu herritarrei, eta, honekin batera, kanpaiak jotzen dakien orori, eskuz bada, jotzeko ere eskatu nahi diogu. Izan ere, gure bailaran gutxi entzuten ditugu beste auzo batzuetako kanpai hotsak…".

Astero entseatzen

Areantzako kanpai-jole eskolako kideak egubakoitzero batzen dira, 19:00etan, Areantzan bertan entseatzeko, eta, dakitena elkarri transmititzeaz gainera, akatsak zuzentzeko ere erabiltzen dute saioa.

Eskolakoak, gogotsu

Urtean zehar hainbat erakustaldi ematen dituzte, gainera, posible duten guztietan. "Amurriora, Kantabriara… urtero joaten gara, eta bailaran, Eskoriatzako Marin auzora ere urtero joaten gara, Maddalen jaietan. Iaz, esaterako, Tabakaleran izan ginen ordu ezberdinetan jotzen; arratsaldez, gauez… eta aurten, maiatzen 12an, bertan izango gara. Aurten, zerbait berezia egin gura dute, danborrekin nahastu nahi dituzte kanpai hotsak, performance eran, eta bertan izango gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak